Harrian han eta hemen eskalatzen ibili da urte osoan Iñaki Arantzamendi (Ondarroa, 1988), lagunartean batzuetan, eta bakarrik besteetan. Joan den asteburuan Euskadiko Kirol Eskalada Txapelketara joan zen, iazko hirugarren postua hobetu asmoz. Eta hobetu zuen:
Euskadiko txapelduna da ondarrutarra.
Entrenamendu asko egin dituzu txapelketara joateko?
Hilabete eta erdian ibili naiz rokodromoan entrenatzen. Normalean harrian ibili naiz, eta han indartsu egon arren, boulderrean gaizki egin dezakezu.
Espero zenuen irabaztea?
Itxaropena baneukan, bai. Aurten indartsu nago. Beste maila baean nago. Iaz ia-ia entrenatu barik hirugarren egin nuen, eta aurten, gehiago entrenatuta, lortu dut. Denetara, txapelketan 50 bat lagun aritu ginen. Nagusien mailan bost lagunek hartu genuen parte bakarrik. Pena bat da. Euskal Herrian maila handiko jendea dago, beharbada ni baino maila handiagokoa ere bai. Beharbada, kirol eskaladako azken txapelketa izan daiteke.
Podiuma zeinegaz partekatu zenuen?
Iazko irabazle Antxon Zabalak egin zuen zilarra, eta Mikel Velascok brontzea.
Zer egin behar izan zenuten finalean?
Sailkapen proban bide bat egin behar izaten da, eta finalean beste bide bat.
Garaipena baten bati nahi diozu eskaini?
Txapela nigaz eskalatzen duten guztiei eskaini nahi diet, eta nire neska lagunari, familiari, Sorgin Errekakoei, Aurrera Mendi Taldeari, eta gu ikustera etorri ziren guztiei.
Espainiako Kirol Eskaladako Txapelketan eta kopan ere ibli zara aurten.
Lehen aldiz joan naiz bai. Batez ere ondo pasatzera joan naiz, eta zer dagoen ikustera. Rokodromoan asko entrenatu barik joan nintzen. Datorren urterako prest nago egurra emateko. Ahal denik eta goren ailegatzen ahaleginduko naiz. Zaragozako kopako proban finalean sartu nintzen.
Eta zapatuan, Aretxabaletan, bloke eskaladako Euskadiko Txapellketa dago.
Izena emanda nago. Kirol eskaladakora baino jende gehiago joango da, baina itxaropena daukat irabazteko. Aurten indartsu sentitzen naiz.