Osasun zentroko beharrak amaitzen ari dira Berriatuan. Eraikuntza bera abenduaren erdialderako prest egongo dela esan du Imanol Mugartegi Berriatuako alkateak. Baina gero, Osakidetzak ekipamendu klinikoa sartu behar du, eta dena egokitu ostean,
urtarrilaren amaierarako edo otsailaren hasierarako egongo da prest osasun etxea. “Orduan egingo dugu inagurazio ekitaldia”, esan du Mugartegik.
Berriatuako osasun etxe berrian
lehen eskaintzen zen zerbitzu bera eskainiko dute hemendik aurrera be. Mediku bat eta erizain bat egoten dira egunero Berriatuan, eta hemendik aurrera ere horrela izango da, momentuz. Dena dela, etorkizunean aukerarik balego astean behin pediatria zerbitzua jartzeko ahalegina ere egingo du udalak.
![OLYMPUS DIGITAL CAMERA](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2013/11/BERRIATUAKO_OSASUN_ZENTRO_-300x107.jpg)
Osasun etxe berriak
230 metro koadro dauzka. Beraz, aukera eskaintzen du gaur egungo zerbitzua handitzeko. Beraz, “urte mordo baterako” lokal ederra daukatela esan du Mugartegik.
Eraikin berean lokal bat baino gehiago daude, eta badago bat Osakidetzak erabiliko ez duena. Lokal hori udaletxearena da, eta
Oizegin plataformak erabiliko du. Bulegoa eta denda jarriko dituzte han, bertoko produktuak saltzeko. Bestalde, eskualdeko informazio bulego moduan ere erabiliko dute, turismoari begira. “Esperimentu moduan egingo da hori, eta ikusiko da nola ateratzen den”, dio Mugartegik.
Osasun etxearen
aurrekontua, denera, 435.600 eurokoa da, beza barne. Eraikina egiteko Osakidetzaren 158.000 laguntza eduki dute alde batetik; bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik 140.000 euro jasoko dira, eta Itsaspen programatik, beste 89.000 euro.
Horrela, 2014an berriatuarrek osasun etxe berria edukiko dute.