Luterl taldeak eta 7 Emakume en movimiento taldeak bideratu dute eskaria, herrian kulturgintzan dabiltzan talde eta banakoen babespean, euren arloak lantzeko orduan erakusketa areto egoki bat izatea «ezinbestekotzat» joaz.
Gaur egun Ondarroan erakusketak egiteko dauden lekuak bi dira: Udal Erakusketa Aretoa eta Kofradia Zaharra. Eskatzaileen arabera,
udal erakusketa aretoa «txikiegia eta deserosoa da», baina kalera begira dago, eta pasantean doana sartzeko erraztasuna eskaintzen du.
Kofradia Zaharreko aretoa, ostera, itxuraz ederra da, eta ondo hornituta dago, baina kaletik urrunegi gelditzen da.
Eskaera elektrotresna dendaren itxieraren harira egin dute: «Jakin dugu orain arte Arriola denda izan den lokala laster hustu egingo dutela negozioa itxi dutelako, eta udalaren jabetza denez, haren esku geldituko dela», azaldu dute Josune Laka eta Ion Iñaki Artetxek.
Kantoipen dago lokala, Musika Plazaren azpian, herriaren erdigunean bertan. «Oso egokia da», ez bakarrik dagoen lekuagatik eta zabaleragatik. «Erakusleihoak ditu, gure ustez oso garrantzitsua dena, eta kalera begira dago guztiz». Eskatzaileen ustez, oso egokia litzateke lokal horren egokitzapenerako proiektu bat garatzea, herrian erakusketa areto «duin» bat izateko, «edozein eratako erakusketak antolatzen jarraitu ahal izateko, gaur egun baino modu egokiagoan». Aretoaren ezaugarriak kontuan hartuta, aproposa litzateke bideo-artea, performanceak, instalazioak eta beste sormen arloak egiteko. «Ondarroak merezi du horrelako leku bat», nabarmendu du Lakak.
Krisi garaietan egonda, lokalean obra handia egin barik ere aretoa «behin-behinean» txukundu daitekeela iritzi diote. «Konponketak egitea litzateke onena, baina badakigu gaur egun udalaren baliabide ekonomikoak ahulagoak direla». Horren jakitun, hormak pintatzea eta argiztapen egoki bat ipintzea nahikoa litzateke lehen pausoak emateko.
Bitxore Laka, artelan artean
Emakume izena
Proposamena, baina, ez da ez hor geratzen. Beste hainbat herrietako esperientzia jasota,
aretoari zen-abizenak ipintzea ere proposatu diote udalari. Artea lantzen duten emakumeei aitortza eginaz,
Bitxore Laka udal erakusketa aretoa legez izendatzea nahiko lukete herriko kultur eragileek, Kresalan lehenengo eta Artelanen gero «arte plastikoen arloan herrian egindako lana eskertzeko eta omentzeko».
Oraingoz herriko kulturgintzako 34 kidek bat egin dute eskaeragaz.
Bat edo batek proposamenaren aldeko sinadura eman edo informazio zabalagoa eskuratu nahiko balu, hurrengo helbidera idatzi beharko lukeela jakin eragin dute Lakak eta Artetxek:
luterl@outlook.com.
Felix Beristain
Felix Beristain: «Galeria ondo prestatuta balego, nire lanak eta bildumak lagako nituzke»
Itsas Haizeako estudioan, lanpetuta, ehunka koadroren artean lanean dabil egunotan Felix Beristain (Ondarroa, 1937) margolari ospetsua.
Erakusketa aretoa Arriolaneko denda izandako lokalean ipintzeko zeure sinadura eman duzu.
Bai, oso proposamen ona iruditzen zait. Ondarroan ez da egon orain arte prestatutako lokalik. Alamedakoa txikia da, eta Kofradia Zaharrekoan arazoak daude.
Zeintzuk arazo?
Kofradia Zaharrean erakusketa ipintzeko gidaridun panelak ipini beharko lirateke, zuriak. Itxita geratuko litzateke horrela. Harria ez da ona koadroak-eta muntatzeko. Fondoa jaten du. Hori da daukan eragozpen bat.
Eta Arriolanekoaren aldeko argudioak zeintzuk lirateke?
Arriolaneko denda toki ederrean dago, gauza ederrak egin daitezke bertan, kostu txikiagaz. Panel batzuekin eta foku batzuekin presta daiteke. Metro asko dauzka, eta jendea tabernara sartzen den modura galeriara erraz sartzeko lekua da. Ez dauka eskailerarik.
Lokal apropos baten falta handia dagoela iruditzen zaizu?
Bai. Ondarroan falta handia dago. Pintura, argazki zein eskultura erakusketak egiteko toki egokia, toki ona iruditzen zait, ikusgarria. Udalak zer esaten duen, hor dago gakoa.
Kultura mailan mugimendu handia dago Ondarroan.
Gero eta jende gehiago dago, bai. Mugimendua dago: grabatzen dela, pinturan dela, argazkilaritza dela… Egonezin handia dago.
Zure lanik ez duzu inoiz erakutsi zeure jaioterrian. Horrelako lokal batek aukera emango lizuke, ala?
Galeria ondo prestatuta balego, nire lanak eta nire bilduma partikularrak utziko nituzke bertan ipintzeko. Neure hiru bat erakusketa ipini ahalko nituzke.
Ilusioa egingo lizuke…
Bai. Eta Bikandiren erakusketa bat ere derrigor egin behar da Ondarroan. Haren familiak ere eskertuko du lokal egoki bat egotea. Ondo prestatuta balego, ni prest nago edozertan laguntzeko. Ni prest nago Ondarroara etortzeko: galeria muntatzeko eta edozertarako nago prest. Kanpotik ere ekar daitezke bildumak. Gaur egun, prestatuta dauden erakusketak-eta ekar daitezke. Herria mugitzeko ezinbestekoa litzateke. Pixka bat egon dadila jendeak gozatzeko aukera.
Aretoari Bitxore Laka izena ipintzea proposatu dute.
Ondo bilatzen dut hori. Bitxore Lakak behar asko egin du gazte jendearentzat. Herriko artista asko eta asko pasatu dira bere arte eskolatik.
Zelakoa da orain momentuan arte galerien egoera?
Arte munduan ere krisi handia dago orain momentuan. Galeria batzuk zarratu egin dituzte, eta beste batzuk kostuei ezin aurre eginda dabiltza. Momentu eskasa da. Dirua egon badago, koadro garestiak saldu egiten dira. Gasteizen, adibidez, hiru bat galeria itxi dituzte, eta besteak txarto dabiltza. Estudioan saltzen da zer edo zer. Bildumagileak etortzen dira.
Zer darabilzu esku artean?
Mila gauza dauzkat hasita. Eta gero, arte modernoko bilduma pribatu bat erakusten dut, hemen, nire estudioan. Marokoko artisten 150 bat margo eta eskultura dauzkat batuta. Taldeak etortzen dira ikustera. Ea Lea-Artibaitik bat edo bat datorren.