Atzo eduki zuten epaiketa, 16:30ean. Epaileak “irainak” egiteagatik epaitu zituen. 7.500 euro eta urtebeteko kartzela zigorra eskatzen zuten hirurentzat. Auzipetuen ustez, argi geratu zen epaiketa “politikoa” zela, eta “fartsatzat” jo dute atzo epaitegian gertatutakoa: “Epaileak galderak egin zizkigun, baina ez zigun erantzuten utzi. Denbora guztian mozten egon zen.”, salatu dute. Izan ere, kartzelan euskal preso politikoen eskubideak ez direla errespetatzen azaldu nahi izan zuten epaituek, baina ezinezkoa izan zuten protesta ekitaldiaren zergatien berri ematea.
Epaiketen kontra eta eskubideen alde batu ziren atzo, Ondarroan
Atzoko auzi saioa amaituta, urtarrilaren 25era bitartean, bigarren epaiketa bat egiteko aukera egongo da. Espetxeko zuzendariak eskatuz gero, “difamazioa” egitea leporatu ahalko liekete Xabier Aranbururen hiru lagunei. Oraingoz ez dute eskaririk egin, eta atzo ez zuten argitu egingo duten ala ez. “Beharbada” bategaz erantzun zioten epailearen galderari.
Martxa, bertan behera
Bestalde, Sortuk, Etxeratek eta preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mugimenduak jakitera eman duenez, azaroaren 30ean Lyon-Corbas espetxera egitekoa zen martxa bertan behera geratuko da. Izan ere,
Lyon-Corbas espetxeko zuzendariak “keinu positibo bat” eduki du euskal preso politikoekin, eta azken hilabeteetan
eskatu dituzten baldintzak “onartu” egingo dituela esan du.