Gizarte Zerbitzuak indartzeko asmoz, zerbitzu horren
plangintza bere esku hartuko du
Markina-Xemeingo Udalak.
Kudeaketa, bestalde,
Lea-Artibai Amankomunazgoak egiten jarraituko du.
Gizarte Zerbitzuen
funtzionamendua argitu, antolatu eta ordenatzea izan da udalak hartutako erabakiaren helburua. “Gero eta etorkin gehiago eta nagusi gehiago ditugu eta oinarrizko gizarte zerbitzuen premia handitu egin dela ikusten dugu”, azaldu du Josune Baskaran ongizate zinegotziak. Premia horiei erantzun egokia emateko, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu beharra ikusten dute eta horretarako antolakuntza ordenatu. Bestalde,
langile guztiek jarraituko dutela azpimarratu dute udaleko ordezkariek. “Funtzionamendua aldatuko da bakarrik”.
Hori guztia aurrera eroateko, Lea Artibai Amankomunazgoak onartu asmo duen
Gizarte Zerbitzuetako 2013-2016 egitasmo estrategikoa onartzeko prozesua uztea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak. Orain arte egin izandako bidea positiboki baloratzen dute, baina, behin
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuetako Egitasmo Estrategikoa eta
Bizkaiko Foru Aldundiko Plangintza onartuta,
lehen mailako arretako gizarte zerbitzuen plangintza estrategikoa egingo dute. “Bien bitartean geure gizarte zerbitzu propioak antolatzeko plangintza egingo dugu”, zehaztu dute.
EAJren ezadostasuna
Osoko bilkuran hartutako erabakiagaz ez dagoela ados eta onartutako dokumentuaz eztabaidatzeko aukerarik ez dutela eduki gogor kritikatu du
Markina-Xemeingo EAJ-k. “Lea Artibai Amankomunazgoan, zerbitzu sozialen gaineko plan estrategikoa aurrera bultzatzeko eztabaida prozesu bat martxan badago, ez dugu ulertzen zergatik hartu den orain erabaki hori”, esan dute. Helburua zerbitzu sozialak ordenatzea eta indartzea bada, prozesu horretatik urten eta plan hori udal mailan garatzeko erabakia zergatik hartu den ere ez dute aditzen EAJkoek. “
Amankomunazgoari konpetentzia kenduko zaio eta udalak hartuko du, nik pentsatu eta zuk gauzatu, beste herriek zer egingo edo esango duten kontuan eduki barik”.
Kostuak ere gehitu egingo direla diote.