Antzar jaiko arauak zehatz bete, epaileen erabakiak ontzat hartu, eta uretako epailea jartzea onartu dute antolatzaile eta parte hartzaileek
2013ko antzar jaia baloratzeko egindako bileran. Erabaki horien helburua azken antzar jokoetan gertatutakoa saihestea da: 2013ko antzar jaian, hamabi potin geratu ziren parte hartzeko aukerarik barik. Hori gertatzearen arrazoiak, antzarrak aldatzerakoan gehiegizko denbora ematea, arau hauste asko egotea, parte hartzaileak antzarrera heldu bitartean denbora asko ematea, eta arraunean txarto egitea zirela nabarmendu zuten.
Pasa den zapatuan batu ziren Lekeitioko Kultur Etxean Antzarretako komisioa eta parte hartzaileak. Aurten izena emandako 86 ontzietatik 32 agertu ziren bilerara. Antzar jaiaren balorazioa egin eta datorren urtean zer-nolako antzar jaia nahi den aztertu zuten guztien artean, eta azken ondorioa Antzar jaiari nolabait errespetua galdu zaiola eta askok behar bezalako seriotasunez hartzen ez dutela izan zen.
Neurriak
Datorren urteko jaiari begira, hainbat neurri hartuko dituzte:
estropuak egiteko, antzarrak zelan kolpe ikasteko eta arraunean egiten ikasteko tailerrak besteak beste. Gainera, antzarra aldatzen ematen den denbora laburtzeko modua ere aztertuko dute.
Antzar artifizialen gaia ere atera zuten mahai gainera. Azken aldian, antzarren kokota erraz apurtzen den arren antzarrak betiko lekutik ekartzen direla eta hiltzeko moduan ere urteetan ez dela aldaketarik egon azaldu zuten. “Arrazoia, gero eta granja gutxiago dagoela eta horrenbeste aukera ez dagoela izan daiteke”.
Horren aurrean, beste aukera bat,
antzar artifizialak izango lirateke. Baina, hor dator betiko eztabaida: gomazko antzarrak bai edo ez. Hori dela eta, Antzar komisioak, antzarretan parte hartzen duten koadrilen artean galdeketa bat egitea proposatu du. Koadrilek
abenduaren 31ra arteko epea edukiko dute gomazko antzarrak probatzeko prest dauden edo ez esateko. Galdeketaren emaitzekin eta udalaren lanketagaz batera datorren
martxoa aldera beste bilera bat egingo da.