Joan den bariku goizaldera bere egoitzaren aurka izandako erasoa salatu du
Lekeitioko Eusko Alkartasunak. Azken urte eta erdian, laugarrenez, egoitzako leihoak apurtuta agertu direla jakitera emon dute, «kanpotik jaurtitako botila, harri edo antzekoen bidez». «Lekeitioko Eusko Alkartasunak, horrelako eraso edo antzeko
ekintza guztiak gaitzesten ditu berdin izanik nondik etorri edo noren aurka izan», adierazi dute.
Ekintza horiek erasoak direla dio EAk, «eta erasoen dinamika herri honek eraiki nahi duen etorkizunaren aurka doala salatu nahi dugu». Jarrera horiek, beste garai batzuetako ereduak izateaz gain pertsonen nahiz ondarearen aurkako erasoak direla esan dute. «
Oinarrizko Giza Eskubideen aurka doaz, eta EAk beti salatu du eta salatuko du Giza Eskubideen aurkako urraketa oro».
«Eusko Alkartasuna
guztiontzat izango den etorkizuna eraikitzeko lanean ari den alderdia da, baina gehiengoaren nahia den honek, arerioak ditu nonbait», aitatu dute. Hortaz, eraso hauen egileei berriro horrelakorik ez errepikatzeko exijitzen diete, eta
Eusko Alkartasuna ez dutela bere bidetik inolaz ere mugiaraziko jakinarazi. «Iluntasuna eta koldarkeria erabiltzen dutenek ez dituzte euskal herritar gehienok ditugun amets eta helburu berak eta herri honek eskatzen digun normalizazio bidetik kanpo kokatzen dute euren burua», zehaztu dute.