Bigarren etxebizitza hutsek %50eko errekargua izango dute aurten Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan. “Hutsa” izango da urtarrilaren 1ean inor erroldatuta ez dagoen etxebizitza.
Aurtengo udal ordenantzan, ordea, errekargurik ordaindu beharko ez duten zortzi kasu jaso dituzte. Errentan emateko salbuetsita geratuko dira etxebizitza erakunde publiko baten esku lagata dutenak, etxebizitza Alokabideri lagatakoak, esate baterako. Urtarrilaren 1a baino hilabete lehenago etxebizitza alokatzen edo saltzen jartzen dutenek ere ez dute gehiago ordaindu beharko, «bitartekariaren ziurtagiria aurkeztuz gero. Era berean, promotoreek saltzeko dituzten etxebizitzak salbuetsita geldituko dira, jarduera ekonomikoren bat betetzen dutenak bezala.
Herentziaz jasotako etxebizitzak, berriz, ez dute bi urtez errekargurik edukiko, beti ere urtarrilaren 1a baino bi urte lehenago jasotako etxea bada. Zahar etxeetan erroldatutako pertsonak ere kontuan hartu dituzte, bai eta senide bat zaintzeagatik etxebizitza hutsik laga behar dutenak ere.
Azkenik, erregistroari lotutako bi kasu gehitu dituzte: batetik, erregistroan batuta dauden etxebizitzak salbuetsi dituzte (jabetza bertikala); bestetik, erregistroan egoera aldaketarik egin ez arren, bi etxebizitza batu dituztenei ere tarte egin diete, beti ere, batutako bi etxebizitzek 100 metro karratu baino gehiago ez dituztenean.