Azken txanpan sartu da Lekeitioko Euskal Zine Bilera
36. Euskal Zine Bilera heldu da bere azken txanpara. Gaur eta bihar, azken 22 filmak lehiatuko dira. Martxelo Rubio, Iker Galarza, Nagore Aranburu, Anartz Zuazua, Ramon Agirre, Ainara Gurrutxaga, Pedro Otaegi… Euskal Herriko aurpegi famatuak pantaila handian ikusi ahal izango dira egun hauetan. Kamera atzean ere, Mireia Gabilondo, Asier Altuna, Koldo Almandoz edota Iñaki Beraetxe moduko izen ezagunak aurkituko dira. Baita makina bat aktore eta zuzendari amateur ere.
Hamar lan amateur, zortzi profesional eta hiru Gazte22 sailean ditugu aurretik.
Itxiera ekitaldia
Itxiera ekitaldi berezia egingo dute zapatuan. Eneritz Artetxe aktorearen eskutik emozioz beteriko ekitaldia prestatu dute. Urtzi Iriondoren musika zuzenean, Ana Clararen akrobaziak, eta Ana Krusa dantza taldearen ikuskizuna izango dira aurtengo amaiera ekitaldian.
54 zinegilek hartu dute parte aurtengo bileran, eta epaimahaikideek Mireia Gabilondo, Natxo Rodriguez, Imanol Rayo, Patxo Telleria, Arantza Lauzirika eta Jabi Elortegik, ez dute lan erreza izango. 19 zinegile profesional eta 24 amateurren lanen artean aukeratu beharko dute.
Euskal Zine Bilerak hiru motako lanak saritzen zituen orain arte (sormenezko lanak, argumentuzkoak eta dokumentalak edo erreportajeak). Jaialdiaren izaera eta koherentzia berritu nahian, aurtendik aurrera sarituko diren kategoriak hurrengoak izango dira: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta filmik onena. Eta kategori bakoitzean, hau beti legez, lan profesionalak sarituko dira alde batetik; eta amateurrak, bestetik. Profesionalen saria antzarra eta 1.620 euro izango da; eta amateurrena berriz, antzarra eta 1.100 euro. Lehen aldiz beraz, sari bat baino gehiago jaso dezake film berdinak. Horrez gain, aurtengo ekitaldiak badu beste berrikuntza bat ere: Gazte 22 saria, 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileei zuzendutako saria. Gazteek 9 lan aurkeztu dituzte eta horietako batek 600 euroko sari berezia eta antzarra lortuko du. Euskal Zine Bilerak horrela bidea egiten lagundu nahi die zinegile hasiberriei.
Hitzak bestetik, Lea Artibai eskualdeko filmei zuzenduta, sari berezi bat eskeiniko du. Izan ere, 12 film aurkeztu dira gure eskualdetik, 10 lekeitiotik eta bina Ondarroa eta Markinatik.