Gaur 10:00etan hasi eta domekan 11:00ak arte egingo dute baraualdia, Alamedan.
Sevilla II-ko preso politikoek gose greba bertan behera utzi dute asteon osasun arazoak direla-eta. “Baraualdia utzi egin behar izan dute, baina egoera berean jarraitzen dute”, esan dute Ondarroako gose greban daudenek.
Era berean, dei egin diete ondarrutarrei “borroka horregaz bat egin” eta asteburuko ekimenetan parte hartzera. “Bakoitzak berak ahal duen neurrian laguntzea eskatzen dugu, konpromiso maila desberdinekin: denbora gutxiagoko gose greba eginez, ur botilak ekarrita, euri eta hotzetatik babesteko materiala ekarrita, eskuorriak banatzen lagunduta, deialdietan parte hartuz…”, esan dute deitzaileek.
Bestalde, domekan, gose greba amaitu eta Donostian egingo den manifestaziora joango dira Alamedatik. Autobusa 11:00etan irtengo da Zaldupetik, eta izena emateko betiko lekuetara jo behar dela esan dute.