Joseba Palenzuela Geogarapen elkarteko presidentea,
Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia eta
Arantza Aranburu EHUko irakaslea, Aranzadi eta Kuaternario ikaskuntzaren Geo-Q Zentroko kidea eta Karstaren ikerketa taldeko arduradunak eman dute akordioaren gaineko xehetasunak.
Jakina denez, Deba, Mutriku eta Zumaia inguruneko elementu geologiko bereizgarrienetako bat da Geoparkeko ondare karstikoa.
Kostaldeko Flyscharen geruzek Geoparkearen milioika urteetako historia kontatzen duten moduan, barnealdeko bailarek eta haitzuloek oraintsuagoko informazioa gordetzen dute klimaren bilakaera eta egungo paisaiari dagokionez: edonola ere, gordetzen duten informazioa orain dela «milaka» urteetakoa da.
Karstaren mundua, baina, misteriotsua da, oraindik orain. Ezagutza esparru hori gutxi aztertu da orain arte, baina berebiziko garrantzia du Geoparkearentzat, «Ekain edota Praileaitzen bizi ziren arbasoei buruzko datu interesgarriak eskaintzen dizkigulako», azaldu dute Geoparkeko eta Aranzadiko kideek.
Halaber, Karsta ikertuta, kuaternarioan Geoparkean gertatu ziren klima gorabeherak ezagutu ahal izango dira.
Horregatik guztiagatik, Geoparkeko Karstak geologia eta arkeologia lotzeko aukera ezinhobea eskaintzen du, bai eta lurraldearen barnealderako intereseko diskurtso bat osatzeko ere.
Helburu horrekin izenpetu du Geoparkeak lankidetza-hitzarmena Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Arantza Aranburu irakaslearen gidaritzapean ikertzen diharduen lantaldearekin. Izan ere, lantalde horrek urte batzuk daramatza karstaren eremuan lanean. Besteak beste, talde horrek egindako lanen artean dago Praileaitz kobazuloaren karakterizazio geologikoa.
Olatzko bailara karstikoa
Elkarlana, baina, urrutiago helduko da. Beste helburu batzuk ere baditu: alde batetik, Geoparkeak aurten egin duen inbentarioan jasotzen diren interesgune geologikoen ikerkuntzan sakontzea bilatzen du. Beste alde batetik, Geoparkeko lantaldea aholkatuko du Geoparkearen interpretazio programarekin bat datorren diskurtso didaktikoa osatzeko. Horrez gain, lankidetza hitzarmenak Geoparkearen eremuan bisitagarriak izan daitezkeen haitzuloak identifikatu eta geologia eta arkeologia uztartuko dituen diskurtso interpretatiboa osatzen lagunduko du. Azkenik, hitzaldiak egingo dira Geoparkeko biztanleei egindako lanen berri emateko.
Ikustekoa, entzutekoa
Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurrera daraman sustapen lanaren baitan, kalean dago Karstaren ondarea ezagutzera emateko Alberto Gorritiberea zinegileak zuzendutako Karst ikus-entzunezkoa.
13 minutuko iraupena du zinegilearen lanak, eta Geoparkeko biztanleentzat zein lurraldearen barnealdeko bailara ederrak ezagutzera hurbiltzen diren bisitarientzat baliabide didaktiko bezala erabili ahal izango da, dudarik gabe. Izan ere, Geoparkeko Karstaren unibertsoa landu du Gorritibereak lanean, ikus-entzunezko «iradokitzailea» eginez, Geoparkearen barrualdeko munduaren konplexutasuna erakutsiz.
Arantza Aranburu geologoak eta Xavier Peñalver arkeologoak hartu dute parte ikus-entzunezkoan. Deban aurkezpena eginda,www.geoparkea.com webgunean dago ikusgai.