Abenduaren 3a,
Euskararen Nazioarteko Eguna. Lea-Artibain eta Mutrikun ere gogoan edukiko dute egun hau, bihar. Baina
asteburuan ere hainbat herritan egin dituzte euskararen aldeko ekimenak.
Berriatuan Barixeko aldarrikatzaili egin zuten barikuan. Arratsaldeko jolasen ostean, bideo emanaldia egon zen Satorzulo gaztetxean. Gauean, Mikel Etxaburu eta Keu Agirretxeak poesia emanaldia eskaini zuten.
Markina-Xemeinen umeei zuzendutako jarduerak egin zituzten barikuan, Euskara Egunarekin lotuta. Gaztainak, jolasak eta txokolatea egon ziren plazabarripean. Hainbat mahai jarri zituzten eta margotzeko eta gurutzegramak egiteko aukera egon zen. Gurutzegramak, Markina-Xemeingo berbekin:
mutxikiñe,
azkurriñe,
atxurkulie edo
txarrantxi berbak jarri behar zituzten gurutzegraman. Lea Artibai Euskararikoek mahaia jarri zuten, produktuak saltzeko.
Munitibarren jolasak antolatu zituen zapatuan gazte asanbladak. Ostean, dokumental baten emanaldia egon zen gaztetxean.
Asteburuan egindakoez gain,
bihar ere ekimen ugari egongo dira herrietan. Hurrengoak, egitarauak:
Aulesti: Inguma taldeagaz, ipuin kontaketa saioa egingo dute liburutegian. Izaskun Mujika eta Lur Korta ariko dira ipuinak kontatzen, 17:00etan.
Ispaster: Aurtengo Gabonetako eta urte berriko postalak Euskararen Nazioarteko Eguneko jardueran parte hartzen duten pertsonena izatea helburu, postalak egiteko tailerra egingo dute bihar, 16:00eattik 20:00etara, Iñigo Egiluz aretoan. Oharra: Orri zuriak, lapitzak eta margoak udalak berak emango ditu, baina bestelako materialden bat erabili nahi izanez gero, nork berea eroan beharko du. Baldintzak: Postaleko testua euskaraz idatzita egon beharko da, postala bertan egin beharko da, eta amaitzen ez duenak hurrengo egunean amaitu ahalko du.
Markina-Xemein: Juan Martin Elexpuruk hitzaldia eskainiko du Uhagon kulturgunean, 19:00etan:
Euskara noiztik? Sardiniako eta Liguriako hizkuntza zaharrak senideak ote?
Ondarroa: Abenduaren 10era arte esaerak jasoko dituzte tabernetan eta janari dendetan, ederrena aukeratu nahian. Parte hartzaileen artean bi lagunentzako afari bat zozkatuko dute.