Abenduaren 5ean, eguena, Ondarroako Etxelilan
feminismoa izango da beste behin ere mintzagai.
Indarkeria sinbolikoa izenburupean, gizartean errotuta dauden
sinbolo matxistak atzematen ikasteko,
Irantzu Varelak (Portugalete, 1974)
hitzaldia eskainiko du. Hitzaldia Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta dago eta 19:00etan hasiko da, Etxelilan.
Zehatz esateko, zer da hitzaldian jorratuko dena?
Nik maitasun erromantikoa eta indarkeria sinbolikoa lantzen ditut eta hori da hitzaldian landuko duguna. Horiek identifikatu eta aurre egiteko tresnak mahairatuko ditut.
Irantzu Varela
Definitu maitasun erromantikoa eta indarkeria sinbolikoa.
Indarkeria sinbolikoa sistema patriarkalak emakumeenganako dituen kontrol forma guztiek osatzen dute. Ustezko gizarte demokratiko batean bizi gara eta ustez, berdintasunean oinarritzen da gizarte hori. Beraz, emakumeok ezin gaituzte indarrez kontrolatu; emakumeon aurkako indarkeria fisikoa ez dago ondo ikusita. Baina guregandik espero dutena jasotzeko, kontrol sistema bat dago gizartean errotuta. Eta sistema hori guztiz matxista da. Eta horren adibide garbiena erakutsi diguten maitatzeko eredua da. Izan ere, denaren gainetik, baldintza guztien gainetik, maitatu behar dugula irakatsi digute. Maitasunarengatik, alboan dugun hori doan zaindu egin behar dugula erakusi digute. Eta bestea asetzen ez dugunean, gaizki sentiarazi behar dugula erakutsi digute. Horrela, bikote baten, gizonezkoak emakumea jotzen badu ere, emakumeak uste du gizonak maite duela. Nola liteke hori? Guzti horren erantzuna indarkeria sinbolikoa da. Indarkeria fisikoa ez da zilegia gaur egungo gizartean, baina beste balore batzuen bitartez, bestelako indarkeria ontzat hartzen da.
Emakumeenganako indarkeria maila baten salatzen bada ere, oinarrian gizarteak matxista izaten jarraitzen duela esan nahi duzu?
Hori da. Indarkeria fisikoa esplizituki zigortzen bada ere, bestelako balore matxistak bere horretan jarraitzen dute eta horiek, inplizituki, emakumeon aurkako indarkeria dira. Dena den, abortuaren lege berria ere, kasurako, emakumeen aurkako indarkeria esplizitua da. Dena den, orokorrean, indarkeria esplizitua zigortu egiten da. Baina indarkeria inplizitua egunerokotasunean oso errotuta dago. Hasi hizkuntza sexistarekin, txiste matxistak, kalean emakumeei “piropo” deitzen dioten horiek esan, lan berdinagatik gutxiago kobratu… Guzti horiekin, emakumea bigarren maila batera mugatzen da. Eta horrekin guztiarekin beste gauza txarrago bat sortzen da: emakumeoi sinestarazten digute, bigarren maila horretan egon behar garela.
Horri guztiari aurre egiteko, zein da pertsona bakoitzak hartu behar duen jarrera?
Lehenik eta behin egoeraz jabetu behar da bat, kontzietea izan behar da. Dominazioan oinarritzen den sisteman gaudela ohartu behar da norbanakoa. Eta sistema horretan, emakumeok ez garela gizonezkoen berdinak konturatu behar dira. Bigarren pausoa, irakurri, hausnartu, entzun eta informazioa jasotzea izango lirateke. Bigarren pauso horretan, tresnak lortzen dira. Guztiari aurre egiteko tresnez baliatu behar da norbanakoa. Eta azken pausoa antolakuntza feminista da. Antolakuntza eta borroka feminista, alegia. Horrekin batera, agenda feminista bat barik, balore matxista horien aurka puntu konkretuetatik ezin dela borrokatu jakin behar da. Agenda feminista da behar dena, ezinbestean. Ezin duzu injustizien aurka borrokatu, ez baldin baduzu munduko injustiziarik handienaren aurka borroka egiten; gizateria erdia beste erdiak dominatzen du.
Borroka horretan agenda feminista da oinarria, beraz.
Hori da. Munduko desberdinatasun guztietan dominazio matxista azaltzen da. Beraz, injustizia guztien aurka borrokatzeko, lehenik eta behin dominazio matxista existitzen dela onartu behar da.
Askotan, gizonezkoek borroka feminista ez dela eurena uste dute. Zer esango zenieke?
Guzti horiei esango nieke emakumeok eta gizonezkoek, egunero, gure jarrerarekin, aukeratu egin ahal dugula: gaur egun daukagun desberdintasun egoera elikatu edo horren aurka egin. Beraz, guztiok, gizon zein emakume, aukeraketa hori egin behar dugu. Dominazioan oinarritzen den sisteman bizi nahi duzu? Edo guztiok berdinak izango garen sitemaren parte izan nahi duzu? Hori galdetuko nieke. Egungo sistema guztiok elikatzen dugu, gizon zein emakume. Eta zortez, sistema horren aurka egunero borrokatu ahal gara, gizon zein emakume izan. Beraz, berdintasunaren aldeko borroka, guztion borroka da.
Atzera begiratuta, emandako pausoak nola ikusten dituzu?
Lorpen asko egon dira. Eta hori onartu egin behar da. Lehen ezin genuen bozkatu, orain bai. Ezin genuen kontu korronterik eduki, eta orain bai. Lorpenak asko izan dira, baina ezin gara engainatu. Legeak sortu ditugu, baina hor ez da dena amaitzen. Gaur egun arazo handi bat dago: berdintasunean oinarritutako sistema baten bizi garen ameskeria. 15 urteko neskato batek esan dezake, erraz gainera, zergatik egingo nahiz feminista, berdintasunean bizi bagara? Eta horri beste galdera batekin erantzungo nioke: berdintasunean bizi bagara, zergaitik jarraitzen gaituzte hiltzen, bortxatzen, gutxiago kobratzen…? Aurrerapausoak eman ditugu, bai, baina oraindik egiteko asko geratzen da. Eta hor dago koska, batzuk ez dutela ameskeria horretatik haratago begiratzen. Eta are txarragoak dira desberdintasuna egoera normal bezala aurkezten diguten horiek.
Beraz, lorpenen aurrean indar gehiagoz borrokatzeko jarrera nagusitu behar da, ezta?
Hori da. Gauzak lortu daitezkeela pentsatu behar dugu. Bozka eskubidearen alde borrokatu zutenek lortu zezaketela uste zuten eta ideia horrekin egin zuten borroka. Eta lortu egin zuten. Orain, guk ere, berdintasunean oinarritutako sistema horretan sinistu behar dugu. Ezin gara egungo ameskerian geratu.
Zer esango zenieke herritarrei abenduaren 5ean Etxelilara joateko?
Desberdintasunean bizi garela konturatzeko, modurik egokiena adituoi entzutea dela esango diet herritarrei. Egungo sistemak dituen babes tresnen aurkako arrazoiak emango ditugu eta horiek entzutea ezinbestekoa da errealitatea zein den ikusi ahal izateko. Kontzientzia hartu nahi baduzu, onena betaurrekoak jaztea da. Beraz, nik betaurreko horien funtzioa egingo dut Etxelilan.