Hiru herrietan jarri beharko dute bandera, euren “borondatearen kontra”. Udan jaso zuten lehenengo agindua, eta orain, jartzeko derrigortasuna dakarren agiria jaso dute udaletan.
AULESTI
Aulestiko Udalak uztailean jaso zuen Espainiako bandera jartzeko lehenengo agindua, eta azkena azaroan jaso du, udala bandera ipintzera derrigortzen duena. Lehengo astean batzartu ziren herritarrak horren aurrean zer egin erabakitzeko, eta herritarren “gogoz kontra” bandera jartzea erabaki zuten. “Badakigu bandera jartzea atzeratzeak kostu ekonomikoa dakarrela, eta batzarrean erabaki zen diru hori herriarena dela eta herrian erabili behar dela”, esan du Mikel Antsotegi Aulestiko alkateak. Bestetik, bandera jarri ezean etor litezkeen inabilitazioak “mehatxuak” direla esan dute aulestiarrek, eta ez dute bide hori egokitzat jo. Horren ondorioz, bandera jarriko dute azkenean. “Inposaketa bat da, arrotza den ikur bat da hori, eta aulestiarrok ez gara horregaz identifikatzen”, esan du Antsotegik.
Barikuan,
abenduaren 6an, elkarretaratzea egingo dute aulestiarrek herriko plazan, eta bertan manifestua irakurriko da. Ostean, 13:15ean, “atzerriko bandera” jarriko dute udaletxean. Azkenik, Aulestiko udaletxean egon diren lehengo eta oraingo zinegotziek manifestua sinatuko dute Espainiako banderaren kontra. Bestetik, etxez etxe ere banatuko dute idatzia, eta herritarrak ere gonbidatuta daude sinatzera.
Urtarrilaren 5ean, goizean,
jaia egingo dute Aulestin Geure ikurren alde lelopean. “Plazan ikurrina eder bat ipiniko dugu, herriarena, geurea”, esan du Antsotegik.
ETXEBARRI
Etxebarriko udaletxean uztailean ailegatu zitzaien Espainiako bandera jartzeko agindua, baina orduan “ez zioten kasurik egin”. Orain, berriz, errekerimendu judiziala jaso dute. Etxebarriko Udalak, ez du ebazpenaren aurka helegitea aurkeztuko. “Nahiz eta gustuko ez izan, ipini egin beharko dugu”, adierazi du Jesus Iriondo alkateak. Epaitegietan ibiltzea alperriko gastua dela ikusten dute. “Beste herrietan gertatu den bezala, azkenean derrigorrez jarri beharko dugu eta epaitegietan ibiltzea alperriko gastua dela ikusten dugu”, azaldu du.
ONDARROA
2013ko irailaren 30ean jaso du Ondarroako Udalak azken ebazpena. Haren arabera, bi hilabeteko epean ipinita egon behar da bandera espainola udaletxean, ohorezko leku batean. Hori egin ezean, alkatea inabilitatu egingo dute. Mehatxupean, “ondarrutar gehienen nahiaren gainetik eta udal ordezkarien erabaki ahalmenaren kontra”, Espainiako estatuak espainiar bandera udaletxean jartzera behartu du Ondarroako Udala.