Mutrikuko Txirlatxo tabernakoa izan da Karst kategoriako pintxorik onena
Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako Flysch & Karst pintxo lehiaketak baditu irabazleak. Sari banaketa ekitaldia atzo arratsaldean egin zen, Debako Itsas Begi elkartean. Irabazleek Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate eta Geogarapen elkarteko presidentearen eta Maider Zubikarai Debako alkatearen eskutik jaso zuten saria: diploma eta 300 euroko diru saria.
Mutrikuko Txirlatxok egindako Karst pintxo irabazlea hurrengo osagaiekin dago eginda: txipiroiak bere tintan eta urdaiazpikoz beteriko arrautza egosia espinaka saltsarekin arrautzaztatua. Saria Amaia Beitiak eta Patricia Zarrauak jaso zuten.
Flysch pintxo irabazleak txangurru eta muskuiluz beteriko patata darama. Itziarko Salegi jatetxean egin dute. Gotzon Altzibar sukaldariak jaso zuen atzo saria.
Epaimahaia Andres Conde Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldariak, Pantxo Bedialauneta Cantabrico tabernako sukaldariak (Ondarroa) eta Josu Mugerza Belaustegi jatetxeko sukaldariak (Elgoibar) osatu zuten. Epaimahaikideek kontuan hartu zituzten irizpideak hurrengoak izan ziren: balio gastronomikoa, bertako produktuen erabilera, estetika, kalitatea-prezioa eta originaltasuna eta teknika.
Pintxoek Geoparkeko bi elementu geologiko garrantzitsuenak irudikatu behar zituzten, Flyscha eta Karsta. Baita lortu ere. Epaimahaiak lehiara aurkeztu diren hogei sukaldariek prestatutako mokaduen orijinaltasuna eta kalitatea goraipatu zuen. Edonola ere, azken erabakia hartzerako orduan kontuan hartu ziren azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean herritarrek emandako botoak: 1.000 lagun baino gehiago izan dira Mutriku, Deba eta Zumaiako tabernetan botoa eman dutenak. Bozketan parte hartu duten herritar guztien artean saria zozkatu zuen Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat. Sariduna Gotzone Martija mutrikuarra izan da (Txalaparta tabernan eman zuen botoa). Aurrerantzean, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa hogei establezimendu parte hartzaileetan eskainiko dira. Pintxoen gehienezko salmenta prezioa 2 eurokoa izango da.
Deskontu txartelak pintxoak dastatzeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan ostalaritza bultzatu eta kontsumoa sustatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura. 6,60 euroren truke eskuratu ahal izango dira eta txartel bakoitzarekin herritarrek sei pintxo dastatzeko aukera izango dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko establezimendu parte hartzaileetan, hiru eguneko epearen barruan. Deskontu-txartelek hiru herrietarako balio dute, eta pintxo irabazleez gainera, eskaintzen diren gainerako pintxoak kontsumitzeko erabili ahal izango dira. Deskontu txartelak barikuan, abenduak 6, jarriko dira salgai Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan. Deskontu txartelarekin batera herritarrek 20 establezimendu parte-hartzaileen mapa jasoko dute, hiru herrietako taberna eta jatetxeen kokapenarekin.
Sariketaren helburu nagusiak Helburu nagusi bat izan du ekimenak, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta bisibilitatea emateko promoziorako elementu berriak sortzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira. Gainera, lehiaketak beste helburu batzuk ere bazituen: baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta Geoparkeko ostalaritza sektorea dinamizatzea.