Rockaren indarrarekin hasi eta amaituko dira abenduko gau hotzak.
Mutrikuko Rock Kolektiboak (MRK) antolatuta, Abendurock bidea egiten hasiko da gaur, udalaren, gazte asanbladaren eta Zine Forum Taldearen laguntzarekin.
Kontzertu guztiak doan izango dira, eta ia guztiak barikuz egingo dira; bakar bat izango da zapatuz: MRK Gaua abenduaren 21arekin iritsiko da. Azkan urteetako esperientzia gogoratuta, jai giro ezinhobea sortuko da, tradizio bihurtzen ari den egunean.
Gaur Bodegoiak hartuko du lehen kontzertua, 23:00etan. Petti (Bera, Nafarroa, 1973) igoko da taula gainera. Bakarlariak amerikar sustraidun rocka egiten du. Bost bakarkako kaleratu ditu, ia guztiak Gaztelupeko Hotsakekin. Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda eta Barrence Whitfield kantariekin ere partekatu ditu diskoak. Ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko kantu ezkorrak, gitarra jotzeko trebezia eta taula gaineko indarra dira Pettiren ezaugarri nagusiak.
Niña Coyote
EGITARAUA
Abenduak 13
23:00etan, Zubiaram tabernan, Niña Coyote eta Chico Tornado. Koldo Soret (gitarra, oktabadorea eta ahotsa) eta Ursula Strongek (bateria) osatzen duten rock taldea da. Musika abentura ezberdinetan aritu dira bi musikariak: Koldo Soret Surfin Kaos, Utikan, Mugatik, eta Chico boom-en; eta Ursula Strong Zuloak eta Las Culebras-en. Desertuko soinu pisutsuak lantzen dituzte, musika proposamena stoner giroetara bideratuz. Bikote formazioan taularatzen dira, baina banda soinua dute. Irailaren amaieran eskaini zuten lehen zuzenekoa, argitaratu duten lehen diskoa aurkeztuz.
Abenduak 15
19:00etan, Zabiel kultur etxean, Lemmy dokumentala.
Motorhead taldeko abeslari eta frontman-aren inguruan egindako dokumentala eskainiko da. Antolatzailea: Mutrikuko Zine Forum Taldea.
Abenduak 20
23:00etan, gaztetxean, Sarkor eta Eratu.
Sarkor: Punkrock azkarraren eta hardcore melodikoaren arteko nahasketa bat da. Gernika-Lumon 2003an sortuak, hainbat disko kaleratu dituzte, azkenengoa 2012an, Baga Biga diskoetxearekin: Mundu kodifikatuen atzean.
Eratu: 2010eko amaiera eta 2011ko hasieran sortu zen. Taldearen ideia nagusia Unai (Laia, Sortuz) gitarra-jole/abeslariak eta Aitor (Laia, Joxpa, Tuboskapi, Kemen Lertxundi…) bateria-joleak osatu zuten, eta segituan abestiak konposatzen hasi ziren. Handik hilabete eskasera Joseba (Xasta) baxu-joleak eman zion forma taldeari. 2011ko urrian argitaratu zuten lehen lan homonimoa. Disko horrekin 40 kontzertu eman dituzte Euskal Herriko txokoetatik, eta beraien zuzeneko indartsuak eta zuzenak erantzun polita izan du orain arteko ibilbide laburrean. Bi urte kontzertuz kontzertu ibili eta gero, eta bira bukatu berri, bigarren diskoa grabatu dute 2013ko ekainean, Usurbilen, Haritz Harreguyren gidaritzapean.
Abenduak 21
23:00etan, gaztetxean, MRK Gaua.
Laugarren urtez jarraian, rock kolektiboko musikariek hainbat taldeen bertsioak eskainiko dituzte.
Abenduak 27
23:00etan, Goitibera tabernan, Keu Agirretxea & Fignuh experience.
Keu Agirretxea gitarra-jolea Fjord, Governors edo Etsaiak taldeetan aritu izan delako ezaguna da, eta Fignuh Experience da bere azken proiektuaren izena. Oraingo honetan, folk, pop eta euskaldun jatorriko jazz estiloetako nahasketa iradokitzailea aurkeztuko du, entzuleak Rio Grande edo Mississipira eramango dituen melodietan oinarritutako errepertorio sentituarekin.
Aitor Agirre
Argazkia: Eratu
AITOR AGIRRE, ERATU taldeko bateria-jotzailea:
“Bigarren diskoan oso ondo landu ditugu bai musika eta bai ahotsa”
Zuzeneko indartsua ekarriko du Mutrikura Eratu taldeak, Ispilu iluna bigarren diskoarekin. Bateria astintzen
Aitor Agirre (Ondarroa, 1987) egongo da.
Ispilu iluna egiten urtebeteko konposaketa eduki duzue aurretik. Azaldu pixka batt prozesua.
Konposaketa lana gogorra izan dela azpimarratu nahiko genuke. Batetik, lehenengoz konposatu dugulako hirurok zerotik hasita, eta, bestetik, abesti bakoitzari, xehetasun bakoitzari izugarrizko garrantzia eman diogulako. Hasieran produktore batekin lan egiteko ideia ere izan genuen buruan, baina, azkenean, eta abestiak ateratzen joan ziren heinean, hiruron gustuko abestiak ateratzen ari zirela ikusi genuen, abesti borobilak ateratzen ari zirela. Konposaketa lanetan ideia asko eduki ditugu buruan bueltaka, baina hiruron gustukoak zirenak bakarrik garatu ditugu. Letra gehienak geuk egin ditugu, eta laguntza behar genuela ikusita, eskukaldia eskatu genien pertsona batzuei.
Kolaborazio onak eta asko izan dituzue.
Batetik, hitzetan, Miren Amurizak Negarrez eta Amets bat egin dizkigu. Azken hori Jorge Luis Borgeren Un sueño testuan oinarrituta dago; Gotzon Barandiaranek Dominak eta Bizitzarekin baino ez hitzak egin dizkigu. Joseba Sarrionandiaren Akordatzen liburuko pasarte batzuetan oinarritu gara letrak egiterakoan, baita Eduardo Galeanoren Patas arriba liburuan ere. Egia esan, hitzak edo diskoaren kontzeptua Galeanoren liburuan asko oinarritu da, eta, zelan ez, gaur egungo gizartearen egoeran. Aitor Uriarte ere eduki dugu Zergatik? abestian. Bere nortasuna utzi du, hain gustukoa dugun tinbrea jarrita.
Harremanak nolakoak izan dira?
Beraiekin izandako hartu-emana eta komunikazioa oso aberatsa izan da guretzat.
Lehen diskoarekin zein ezberdintasun dauzka bigarren honek?
Gauza asko. Lehen diskoa azkar batean sortu zen. Oraingoa benetako Eratu dela esango nuke, nortasuna aurkitu diogu taldeari. Oso ondo landu ditugu bai musika eta bai ahotsa. Soinuari dagokionez, zehaztazun guztiak izan ditugu kontuan, eta metal/rock estiloa askoz gehiago landu dugu.
Zuzenekoak egiten hasita zaudete. Zelan doaz?
Oso ondo, bira hau prestatzeko hamazazpi bat kontzertu lotu ditugu Euskal Herriko txokoetan, eta horietatik zazpi bat eman ditugu. Oraindik datak lotzen gabiltza. Bira hau oso ondo prestatu dugu, eta sekula jo izan ez ditugun lekuetan ari gara jotzen. Normala den bezala, jendeak oraindik ez dakizki abesti berriak, baina hor egoten dira entzuten.
Eta abenduaren 20an, etxetik hurre-hurre, Mutrikun egongo zarete.
Mutrikun beti jotzen dut gustura. Eraturekin hirugarren aldia da bertan joko dudala. Oraingoan disko berriko abestiekin joango gara. Orain arte bezalako jendea egoten bada, gustura egongo naiz, beti izan da-eta harrera ona egin digun herria.
Durangoko Azokan ere egotekoak zarete datozen egunetan.
Orain bi urte ere egon ginen lehen lana aurkezten. Maukaren postuan egongo da disko berria erosteko aukera eta Ahotsenearen karpan joko dugu. Ondarroan ere egongo da CDa eskura, Kukua tabernan.