Saio osoan esku artean eduki zuen papereko gai bat ere ez zuen utzi poltsikoan
Andoni Egañak. Aurtengo
Kontzezioko Bertso Jaialdiko gai jartzaileak estuasunean ere jarri zituen bertsolariak puntukakoan. Bertsolari Txapelketa Nagusia, Durangoko Azoka, Mandela, Gabonak, Lea-Artibaiko Hitzaren 10. urteurrena, parot doktrina, futbola eta 35/02 sumarioa jarri zien besteak beste gai modura, kantuan.
17:00ak inguruan hasi ziren bertsozaleak hurreratzen
Markina-Xemeingo frontoi nagusira, eta apurka-apurka bete zituzten harmaila guztiak eta kantxako jesarlekuak. Jaialdi haundi bat espero zuten zaleek, eta bertsolariek ez zieten hutsik egin. Bertsoz bertso, frontoiko giroa berotu zuten
Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallusek. Bertsotan daramatzan 20 urteetako errepasoa egin zuen Iturriagak, desatseginak iruditu zitzaizkion irudiei abestu zien Lujanbiok, koka kola eta trokolarekin trakestu zen Agirre, puntu erantzunetan ez zen ibili hain estu Gaztelumendi, Isa Mandiolari eta Amaiur elkarteari bere babesa eta laguntasuna eskaini zien Estiballesek, eta bizkaieragaz ere moldatzen dela erakutsi zuen Arzallusek.