Abestiak, poesia, musika eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartzen dituen ikuskizuna da
Jainko txiki eta jostalari hura. Aurtengo Ondarroako Marabilli Sormen Festibalean ikuskizunaren aurrestreinaldia egin eta gero, orain, bertoko sortzaileak han eta hemen dabiltza, ikuskizuna aurkezten.
Azaroaren 18an, Ameriketako Estatu Batuetako New York hiriko Bowery Arts and Science aretoan estreinatu zuten ikuskizuna eta bertoko artistak han egon ziren.
Hain zuzen ere, CD liburu berriaren aurkezpena egin zuten bertan. Aurkezpena euskaraz, ingelesez eta frantsesez egin zuten, multimedia emanaldi berri baten bitartez.
Aurkezpena New Yorken egin eta gero, Durangoko Liburu eta Disko Azokan lur hartu zuen ikuskizunak. «Emaitzagaz gustora geratu gara», dio Mikel Urdangarinek. «Ikuskizuna hazten joan dela esan genezake. Zalantza askogaz hasi ginen lanean, baina grabaketa lanek eta bestelako lanek aurrera egin ahala, proiektua indarra hartzen joan da».
Aurkezpena New Yorken egin eta gero, Durangoko Liburu eta Disko Azokan lur hartu zuen ikuskizunak; egindako lanagaz gustora geratu direla diote euskal sortzaileek
Konposatzeko prozesuari dagokionez, «polita» izan dela esan du Kirmen Uribek. «Pena eman zidan lanaren konposizio fasea amaitu zenean. Gustora ibiltzen ginen guztiok batera testuak aldatzen eta horien inguruan gogoetak egiten».
Lizarralderen omenez
Jainko txiki eta jostalari hura proiektua apirilean hil zen Joxan Lizarribar euskal kulturako ikurra du iturburua. «Lagun handiak ginen eta nola edo hala, omenaldia egin nahi genion», dio Uribek. «Lizarralde hil ez bazen, ez ginen elkartuko eta ez ginen proiektu hau aurkezten egongo».
Lizarraldek «laguntza asko» eman ziela ere gaineratu dute. «Izatez nintzena baino hobea nintzela sinestarazten zidan». Guzti horregatik, nola edo hala esateko, ikuskizunak Lizarralderen arima dauka atzean.
Testuei dagokienez, «euskal ohiturei keinu» egiten dien testu asko daudela dio Uribek. «Euskal gizarteak gaur egun bizi duen egoera ere jasota dago testuetan. Orokorrean, eroso sentitu naiz idazten».
Poesia eta musika uztartzeak ikuskizuna «aberastu» egiten duela dio. «Musikak ez du testua ilustratzen. Musikak testua osotu egiten du. Uztarketari esker, bi elementuak elkar osotzen direla esan genezake».
Estreinaldia New Yorken egitearen arrazoia ere azaldu dute egileek. «Duela hamar urte bertan hasi ginen eta horregatik eta gehiagogatik, estreinaldia bertan egitea pentsatu genuen. Polita izan zen».
Hamar urte atzera
Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta Kirmen Uribek
Zaharregia, txikiegia agian egitasmoa eraman zuten aurrera orain dela 10 urte. «Duela hamar urte egin genuen lan hori abiapuntutzat hartuta, oraingoan bestelako jauzi bat eman dugu», gaineratu du Uribek. «Ordukoa momentu jakin baten egin genuen lan berezia izan zen, baina oraingoa bestelakoa da. Musika ekoizpena, esaterako, handiagoa izan da».