Kantaldia, luntxa eta kontzertua batuko dituen jaialdia izango da.
20:00etan hasiko da kantaldia: Txomin eta Nagorek abestuko dute; ostean,
luntxa egongo da, sagardoa aukeran dela. Ekintza bi horiek doakoak izango dira.
22:30ean hasita, kontzertua egongo da. Lau taldek joko dute:
Pixontxis, Jake Mate, Katekesise eta N.C.K. taldeek. Kontzertua ikusteko
5 euroko sarrera ordaindu beharko da.
Jaialdian
batzen den dirua Julen Lasarte, Bingen Arrizabalaga eta Jose Manuel Segaderi Lyonen (Frantzia) azaroaren 25ean egin zieten epaiketaren harira sortutako gastuak ordaintzen laguntzeko izango da.
Sakabanaketa politikaren aurrean, euskal preso eta iheslari politikoei geure babesa eta elkartasuna emateko ekintza izango da zapatukoa
Alain Pompigne Lyon Corbas kartzelako zuzendariari «irainak» egiteagatik epaitu zituzten hiru ondarrutarrak, eta 7.500 euro eta urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat. Epaileak absolbitu egin zituen, baina, edozelan ere, urtarrilaren 25era bitartean, bigarren epaiketa bat egin diezaiekete, espetxeko zuzendariak hala eskatuz gero. Horrela balitz, «difamazioa» egitea leporatu ahalko liekete Xabier Aranburu preso politiko ondarrutarraren hiru lagunei, eta zigor eskaerak azaroaren 25eko epaiketakoak baino altuagoak izango lirateke. «Oraindik ez dakigu zer pasatuko den», esan dute gazteek.
«Sakabanaketa politikaren aurrean, euskal preso eta iheslari politikoei geure babesa eta elkartasuna emateko ekintza izango da zapatukoa», gehitu dute, Sevilla II kartzelako eta Frantziako espetxeetan azkenaldian izan diren eskubide urraketak gogora ekarrita. Horrenbestez,
herritarrei dei egin diete jaialdian parte har dezaten, indarrak batzeak daukan garrantzia azpimarratuz.