Mutrikuko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak elkarlanean ipini dute zerbitzua martxan, uportua babesteko dikean dagoen plantara, hain zuzen ere. Zerbitzu berri horren bidez
, itsasoko energia berriztagarria ustiatzeari begira eraikitako eta mundu osoan aitzindaria den instalazioa herritarrengana
hurbildu nahi da.
Bisiten kudeaketa Mutrikuko turismo bulegokoek egingo dute, eta haiek arduratuko dira Mutrikura joko duten eskolako taldeei, turistei edo nahi izanez gero, bertako herritarrei bisita gidatu egokia eskaintzeaz eta bisiten antolaketaz. Zerbitzu hori abian jartzeak ekarriko du energia plantaz dagoen informazio eskaria ase edo betetzea; izan ere, jatorri berriztagarria duen
energia ekoizten ari den plantari buruz gero eta informazio eskari handiagoa dago.
Bisita gidatuak egiteko erreserba turismo bulegoan bertan egin ahal izango da, eta nahi izanez gero 943-60 33 78 telefonora deituta edo posta elektronikora idatzita:
turismo@mutriku.net
Bisita gidatuen zerbitzua Energiaren Euskal Erakundeak babesten du, Atlantic Power Cluster deritzon proiektu europarraren bidez, EEE parte hartzen ari den egitasmoaz. Haren helburua Europan itsas energien alorrean estrategia bateratua sortzea da
Olatuen planta
Mutriku Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan dago, zonaldeko ondare geologiko, paisajistiko eta kulturala sustatzeari begira eratutako parkea, eta urtero mundu osoko milaka pertsonek bistatzen dute. Gainera, Mutrikuko Udalak konpromiso sendoa hartu du energia iraunkortasuna bultzatzeko sektore guztietan. Horren erakusle da, udalak adierazi duenez, besteak beste, elektrizitatea sortzen duen olatuen plantara bisita gidatuen zerbitzu berri hori abiaraztea, gai horretan Mutriku munduko erreferente bat izatea ekarri duen planta, hain zuzen ere.
Instalazioa 2011ko uztailean inauguratu zen, eta Europan olatuen energia aprobetxatuz energia elektrikoa sortzen duen lehen merkataritza planta da . Guztira, 296 kW-eko potentzia duten hamasei turbinaz osatuta dago, aire konprimitua turbinatzeko, olatuek eraginda. Instalazioan ekoizten den energia guztia elektrizitatea banatzeko sarera bideratzen da, erabiltzaileen kontsumorako.
Aurreikuspenen arabera, planta ekoizpen automatikoan egotean, 100 etxe ingururen premia elektrikoak asetzeko edo betetzeko gai izango da.