Horma gabeko espazio zabal batean elkarrekin dabiltza orain
Lekeitioko R. M. Azkue Ikastolako umeak. Guraso, irakasle eta ikasle ohien artean, gelak bereizten zituzten hormak bota dituzte uda honetan eta proiektu berritzaile baterako espazioa zabaldu dute.
Horma barik proiektu berritzailea ezagutzera emateko inaugurazioa egingo dute zapatuan Ikastolan. Gune berezi horretan dituzte umeak Ana Goitiak eta Ibon Goitiak eta eredu pedagogiko berriagaz oso pozik daude.
Zertan datza proiektua?
I. Goitia. Proiektua hamar printzipiotan oinarritzen da. Teorikoki landutako istori bat da, eta horreri laguntzen dion espazioa moldatu zaio. 0 eta 6 urte bitarteko umeak, denak batera dabiltza orain gune zabal horretan. Gainera, guneak kaleagaz lotura dauka. Ez da gune zarratua ez eta kaletik desberdina. Umeari, kalean ibiltzen diren modura edo espazio natural batean ibiliko balitz modura jolasteko aukera ematen dio.
Zeintzuk dira bere onurak?
I. Goitia. Ordutegi malgua dago, eta beraz, umea esnatzera behartu beharrean, altzatu ondoren lasaiago ibiltzeko aukera ematen dio. Lo heltzen bada gainera, ume kotxean lo egiteko aukera dauka eta besteekin egoteko gogorik ez badauka beste gune batzuk ditu trankil egoteko.
A. Goitia. Niri gustatzen zait azkenean, Ikastola delako umearen beharrizanetara egokitzen dena, eta ez alderantziz. Umeak nahi duen modura egin dezake, eta ez dauka, betiko modura, guk ipintzen ditugun arauetara mugatu beharrik. Badituzte ordu zehatz batzuk, gailetarena edo bakoitza bere gelakoekin batzen direna esate baterako, baina, apur bat moldatuta umearen nahietara. Lehen, ikasturte hasieran, umea egokitzeko epe bat egoten zen eta hura bukatutakoan bertan utzi behar izaten zen umea nahiz eta ondo gelditu ez. Hori itzelezko drama bihurtzen zen batzuetan. Proiektu berri honegaz hori ez da gertatzen. Gurasoentzako lekua dago eta ama edo aita edo amona eta aitona behar dituenean hor dauzka. Benetan umea prest egon arte ez da uzten.
I. Goitia. Guraso edo aiton-amonak bertan geratu ahal izateagaz gainera, umeak neba-arreba bat edo lehengusuren bat bertan badauka, denak batera olgetan dabiltzanez, umeak ez du sentitzen hainbeste, ezezagunekin geratzen denik. Nahi badu bera baino hiru urte zaharragoa den anaiarengana edo nebarengana edo lehengusuarengana joan daiteke. Txikien kasuan horrek erraztu egiten du ikastolan gelditzea, lasaiago geratzen dira.
(Elkarrizketa osoa bihar paperean eta webgunean)