Ikasle Abertzaleak: «Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasleok elkartu eta aktibatu egin gara»
Zapatuko jaia prestatzeaz gain, Lea-Artibai eta Mutrikuko Ikasle Abertzaleek martxan dihardute burubelarri euren helburuak betetzeko beharretan. Ikasle Abertzaleetako kideak dira Lorea Zulaika Arriaga (Ziortza-Bolibar, 1996) eta Julen Antsotegi Uskola (Aulesti, 1996). Gazteek egunerokoan eskuartean dauzkaten proiektuak azaldu dituzte.
Lea-Artibaiko Ikasle Abertzaleak martxan zaudete berriro.
Lorea Zulaika. Ekainean hasi ginen berriro ere egituratzen eta eztabaida prozesu bat martxan jarri genuen. Ikusten genuen herri bakoitza bere kontura ari zela beharrean: bakoitza bere aldetik genbiltzala. Horregatik hasi gara Lea-Artibaiko ikastetxe desberdinetakook batzen. Horretaz aparte, Lea-Artibain ez zegoen Ikasle Abertzale nazionalekin loturarik. Orain, berriro egituratu da dena, antolatu eta osatu.
Julen Antsotegi. Jende berri pila hasi da eskualdeko Ikasle Abertzaleetan beharrean. Gu geu gara beteranoenak eta geu ere berriak gara. Baina orain hasi diren gazteengandik ikusten dena da ilusioa dagoela, eta horrek asko motibatzen gaitu.
Zein borrokagaz dabil Ikasle Abertzaleak momentu honetan?
L. Z. Espainiatik datorren LOMCE legearen kontra egitea da borrokarik gogorrena orain.
J. A. Hemen unibertsitaterik ez dagoenez, guk eskualde moduan LOMCE da zuzenean eragiten digun legea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta batxillergoan eragiten duelako.
Zelan eragingo du LOMCE legeak?
J. A. Era askotara eragingo digu. Adibide bat emateagatik, eskola pribatuek umeak neskak alde batetik eta mutilak bereizten badituzte diru laguntzak jasoko dituzte.
L. Z. Beste adibide bat da, DBH3 mailarako heziketa zikloetara edo batxillergora joan nahi den erabaki beharko dela, eta azken batean, jendeari aukerak kentzen zaizkiola. Momentu horretan zure bizitza baldintzatzera behartuko zaituzte, 13-14 urtegaz.
J. A. Azken batean lege horrekin produktu batzuk bihurtu nahi gaituzte, lana egiteko sortuko gaituztenak.
Eta zelan egingo diozue kontra horri eskualdean?
J. A. Gure beharra jendearen kontzientzia piztea da, jendea aktibatzea.
L. Z. Lea-Artibai eta Mutrikuko Ikasle Abertzaleen helbururik handiena hori da, LOMCE legeak dakarrena aztertu eta jendartera zabaltzea.
Zertarako baliatuko duzue Lea-Artibai eta Mutrikuko Ikasle Eguna?
J. A. Aurten Ikasle Abertzaleak-ek 25 urte bete ditu. Horretarako Ikasle Eguna zegoen prestatuta, baina azkenean bertan behera geratu behar izan zen. Hori kolpe handia izan da Ikasle Abertzaleentzako. Horregatik, eskualdean antolatu dugun egun honegaz esan nahi dugu badihardugula beharrean: bagarela eta bagabiltzala.
L. Z. Hori da. Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasleok elkartu eta aktibatu egin gara, eta hori esateko izango da: eskualde moduan batu garela. Lehen bakarrik ibili gara, eta esan nahi dugu orain ez gaudela bakarrik, asko garela.
Eztabaidetan hiru alor landuko dituzue.
L. Z. Bai. Alde batetik, Ikasle Abertzaleen ibilbidea kontatuko dute. Bestetik, LOMCE legeari buruz eztabaidatuko dugu. Eta azkenik hezkidetza landuko da.
Hezkidetzari garrantzia berezia ematen diozue.
J. A. Bai. LOMCE da orain momentuan bat-batean harrapatu gaituena. Baina hezkidetza lantzen joan beharrean gaudela ikusten dugu. Gero eta kontzientzia feminista gehiago dago, eta feminismoa lantzeko argi dago hezkuntzatik hasi behar dela.
L. Z. Txikitatik hasten bagara balore horiekin lanean geroko gizartea horrelakoa izango da. Oinarria da. Horretarako hezkidetza landu behar dugun alorra da. Ikasleek eurek asko eskatzen dute hezkidetza lantzea, eta horregatik ere jarri da Ikasle Egunean.
Zelako garrantzia dauka hezkuntzak gizarte honetan?
L. Z. Oinarria da, baita geroa ere. LOMCEk dakarrek ereduak gerora itzelezko kaltea egin dezake, baita Bolognaren ereduak ere. Azken batean, hezkuntzak oinarrituko gaitu gerora begira. Eta ikusten da LOMCEgaz zelako geroa nahi duten sortu.
J. A. Azken batean makina batzuk izango gara beharrera goazenak, ez gara izango pertsona batzuk geure gaitasunak landuta ditugunak eta geuk nahi duguna egingo dugunak. Horren aurrean borroka egin behar dugu eta hezkuntza duina sortu, hezkuntza eredu propioa.
Azken batean, eraiki ere egin behar da, ezta?
J. A. Hori da, horren alde egiten du azken batean Ikasle Abertzaleak-ek: euskal eskola nazional, feminista eta sozialista baten alde.
L. Z. Erantzun egiten dugu, baina gure alternatiba propioak ere eraikitzen ditugu. Ez da bakarrik kontra egotea, baizik eta zer eduki nahi dugun jakin eta alternatibak ematea. Hor kokatuko litzateke eskola nazionala eraikitzea