Lea-Artibai eta Mutrikuko Ikasle Abertzaleek Ikasle Eguna antolatu dute zapaturako. Lekeition elkartuko dira, eta hausnartu, eztabaidatu eta ondorioak ateratzeaz gain, beste helburu bat ere badaukate: elkarregaz ondo pasatzea.
Egun osokoa izango da egitaraua, eta hiru zatitan banatuta egongo da: goizean, eztabaidak egongo dira, gero bazkaria, eta azkenik, kontzertuak.
11:00etan elkartuko dira gazteak eta ekitaldiagaz hasiko dute eguna.
Ostean, eztabaidak egingo dira. Horietan, Ikasle Abertzaleek lantzen dituzten eta landuko dituzten ildoak aztertuko dituzte, eta horien inguruan formakuntza jaso eta oinarria hartzea da helburua. Horrela, gero bakoitzak bere ikastetxean beharrean hasteko oinarria jasoko duela esan dute Ikasle Abertzaleetako kideek.
Hiru eztabaida zabalduko dituzte zapatuan Lekeition. Alde batetik, LOMCE legeari eta haren ondorioei buruz arituko dira. Beste alde batetik, hezkidetza eta haren garrantzia aztertuko dute. Azkenik, Ikasle Abertzaleen ibilbidea ere eztabaidagai edukiko dute.
Ikasle Egunera joaten den bakoitzak aukera edukiko du zein eztabaidetara joan aukeratzeko, bakoitzaren interesen arabera. Hori ez dute aurretiaz erabaki beharrik edukiko, egunean bertan, eztabaida arloa aukeratu eta hartan parte hartu ahal izango da.
Eztabaidak hiru lekutan izango dira, bakoitza batean: gazte gunean, kultur etxean eta eskolan. Ikasle Abertzaleen ibilbideari buruzko eztabaida eskolan izango da, jende gehiago batzeko aukera dagoelako, eta beste bietan, jendeak izena eman ahala erabakiko da zein zeinetan egin.
Goizeko eztabaiden ostean poteoa egingo dute elkarregaz, eta gero, bazkaltzera joango dira Lekeitioko eskolara. Momentu horrek «elkarregaz egoteko eta indarra erakusteko» balioko diela esan dute antolatzaileek.
Eguna biribiltzeko, kontzertuak egongo dira Kontzijopean: Ekaitza eta Sustrajah Band. Ikasle Abertzaleetako kideek esan dutenez, aitzakia ona izaten dira kontzertuak «jai giroan sartu eta elkarregaz egoteko».
Ikasle Abertzaleek zapatuan Lekeitiora joateko gonbitea egin dute, hausnarketa eta eztabaidaz gain, ondo pasatzeko aukera ederra egongo delako.