Kontserba enpresa batean beharrean
Egueztenerako egin dute greba deialdia, hilaren 18rako. Azaldu dutenez, uztailaren 7ra arte Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen hitzarmenaren bitartez erregulatzen ziren euren lan baldintzak; alabaina, data horretatik aurrera,
patronalak (CEBEK eta NORPESCO) negoziazio mahaia alde batera uzteko eta hitzarmen estataleko lan baldintzak aplikatzen hasteko esan zien enpresei, eta, ondorioz, “enpresa gehienak jada hitzarmen estataleko lan baldintza batzuk aplikatzen hasi dira, gutxinaka estatalera joz”.
Kontserba enpresetako beharginek, baina, “2003ko efikazia orokorreko hitzarmenak zein 2007ko efikazia mugatuko hitzarmenak ultraktibitatea dutela defendatzen dute (eremu berdinean beste bat sinatu arte indarrean dagoela). Beraz, orain arte Bizkaian zituzten lan baldintzak ezartzen jarraitzeaz gain, “negoziazio mahaia irekitzeko eta langileon lan baldintzak kaxkartuko ez dituen Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen hitzarmena exijitzen” diote patronalari.
Negoziazio mahaia irekitzeko eta langileon lan baldintzak kaxkartuko ez dituen Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen hitzarmena exijitzen diogu patronalari”
Izan ere, diotenez, “beharrezkoa” dute sektoreko langile guztientzat oinarri izango den hitzarmena, eta, aldi berean, Madriletik inposatutako lan baldintzarik ez dute nahi. “Euskal herriko kalitatezko produktu hauek egiten jarraitzeko gure lan baldintzak guk negoziatu nahi ditugu. Langileoi artisau lan honen errekonozimendua zor zaigu, eta enpresek irabaziak edukita ez dugu ulertzen gure eskubide eta lan baldintzak murriztea”.
Greba egiteagaz batera, mobilizazioak ere egingo dituzte eguaztenean. Hala, 11:15ean Bilboko epaitegiaren (Barroeta Aldamar kalea, 10) aurrean bilduko dira, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute Bermeoko Goiko plazatik hasita, 18:00etan.