2013ko abenduaren 31n, eskualdeko zabor bilketaren kontratua bukatzen da, baina kontratu hori luzatzea aurreikusten da. Lea-Artibai Amankomunazgoko udalerriak hondakinen bilketa sistema zelan hobetu eta merketu eztabaidatzen dabiltza. Hori dela eta,
2014ko urriaren 1era arte, indarrean dagoen kontratua luzatu egingo dute. Data horretatik aurrera, eskualdean bilketa sistema berria jarriko da martxan, eta herri bakoitza bere erabakiak hartzen ari da.
Herriarentzako aukera onena zein izango den aztertu ondoren,
autokonpostajerantz jo du Markina-Xemeingo Udalak.
Errefusa, berriz, sistema kontrolatua duten edukiontzien bidez bilduko dute. Beraz, organikoa eta errefusa bereizi egingo dira. Organikoa konposta bidez birziklatuko da, eta errefusa kontrolatutako edukiontzien bidez jasoko dute. Aitor Odiaga Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, oraindik zehazteko dago errefusako edukiontziak kontrolatzeko erabili beharreko teknologia.
Erabakia hartuta, Lea-Artibai Amankomunazgoaren teknikarien esku geratuko da orain, sistema hori aurrera eramateko egin beharreko lanketa.
Markina-Xemeingo birziklapen tasa, %26koa da eta %70eko tasa lortzea jarri dute helburu.