Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, etxeko langileen inguruko hitzaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan.
Liz Quintana abokatuak gidatuko du hitzaldia. Abokatua izateaz gain, Basauriko Argitan emakume taldeko kidea ere bada. Quintanak
etxean beharra egiten dutenen egoera zelakoa den kontatuko du hitzaldian, langile horiek dituzten arazoak eta urteetako borroka azaltzeaz gain. «Urte askoan borrokan egon eta gero, iaz, etxeko langileen egoera erregulatzen duen erreforma onartu zuten. Dena dela, erreforma horretan, eskatzen genituen puntu guztiak ez ziren sartu. Gero, aurten, apirilean, beste erreforma bat onartu zuten», adierazi du Quintanak.
Beraz,
lege aldetik etxeko langileen egoera zelan dagoen azalduko duela aurreratu du Quintanak. «Langile horiek dituzten eskubideak zeintzuk diren azalduko dut, besteak beste. Horretaz gai, herritarrek dituzten zalantzak ere argituko ditut. Azken finean, urte asko daramatzat alor honetan lanean eta dudan esperientziatik emango ditut azalpenak. Eta nola ez, hitzaldian parte hartzen dutenek mahairatzen dituzten bestelako puntuak ere argituko ditut».
Gonbitea, herritarrei
Hitzaldia herritar guztiei zabalik egingo da eta iritziak elkartrukatzeko aukera egongo da. Horrela ba, herritarrei martitzenean Etxelilara gerturatzeko eta hitzaldian parte hartzeko gonbitea egin nahi izan diete Uxukoek. «Interesgarria izango da».