EH Bilduk udal kontratazioetan klausula sozialak txertatu gura ditu,eta hori egiteko konpromiso argia erakutsi du. Hala, eskualdez eskualde lantzen dabil gai hori; joan den astean Lea-Artibain aurkeztu zuten eta asteon, barriz, Busturialdean. Aurkezpen horiek eskualdeko udal ordezkariak batu dituzte. Hain zuzen, gizarte, ingurumen, etika, hizkuntza eta berdintasun klausulak ezarri gura ditu, eta horretarako, mozioak aurkeztuko dituzte aukera duten udaletxeetan –Bildukoetan zein oposiziokoetan–, klausula sozialak nola txertatu daitezkeen azaltzen duen gida batekin batera.
Orain arteko udal kontratazioetan arlo ekonomikoari bakarrik erreparatu zaiola eta,
arlo soziala ere babestu gura du EH Bilduk, “langileek lan baldintza duinak izateko ez ezik, enpresek beregain hartzeko ardura horiek”. Hain justu, klausula sozialen bitartez, honako helburuak lortu nahi ditu koalizioak: udal langileen lan baldintzak bermatzea, lan hitzarmenak errespetatzea, lan segurua eta kalitatezkoa bermatzea, ingurumen irizpideak ziurtatzea, euskararen presentzia bermatzea, gizon eta emakumeen aukera berdintasuna sustatzea eta ez gaitasun fisiko eta psikologikoak dituzten pertsonen presentzia bermatzea.
Hain zuzen, koalizioaren helburua «kontratazio publikoetan, Rajoyren erreformaren ondorioz langileok pairatu behar duten
eskubide murrizketak ahal bezain beste arindu eta enpresa txiki eta ertainen lehiakortasun aukerak handitzea da».
Neurri horien bitartez,
langileen lan-baldintzak bermatuta geratuko direla dio EH Bilduk. Izan ere, udaletan kontratatuko diren enpresak klausula sozialak bete beharko dituzte, eta ez haiek bakarrik, baita azpikontratatutakoak ere.