2014ko urriaren 10, 11 eta 12 asteburuan Hawaiin lehiatuko den Munduko Iron Man txapelketarako sailkatu da Ibon Oregi (Markina-Xemein, 1977). Cozumelen, Mexikon, jokatu den proban parte hartu du markinarrak, eta bere adin tarteko, 30-39 urte bitarteko, 500 lagunetatik hirugarrena izan da.
Proba bikaina egin duzu Cozumelen, postu ona eskuratuz.
Nazio desberdinetako 2.700 lagunek parte hartu zuten Mexikoko proban, eta sailkapen orokorrean 23.en egin nuen. Pozik nago.
Zenbat Iron Man-etan parte hartu duzu aurten?
Iron Man erdiak egin ditut. Ekainean, bosgarren geratu nintzen Getxon, Arrigorriagako Euskadiko txapelketan ostera, bederatzigarren geratu nintzen. Zarautz-koa duatloia izan zen azkenean, igeriko proba bertan behera gelditu zen-eta marmoken ondorioz. Ondo prestatuta egon naiz Mexikoko probarako.
Zergaitik aukeratu zenuen Mexiko?
Azpeitiko lagun batek animatu zigun joatera oso leku polita zela esanda. Gainera, Mexikon sailkatuz gero, datorren urrira arte denbora luzea dago prestatzeko. Ostera, maiatzean edo ekainean sailkatzen bazara, adibidez Frantzian edo Lanzaroten, hiru hilabete besterik ez dituzu Munduko probarako. Hurre gelditzen da. Etxean onespena eman zuten eta aurrera egin nuen.
Zenbat egun egin zenuten Mexikon?
Astebete aurretik joan ginen egokitzera. Zazpi orduko aldea dago eta tenperaturak altuagoak dira. 28 gradu egiten zituen eta hezetasuna handia zen. Hala ere, ez zigun eguraldi oso onik egin, euria ere egin zuen eta fronte hotz bat sartu zen. Horregaitik igeriko tartea laburragoa izan zen, korronte handiak zeudelako. 3800 metro igerian egin beharrean, 3100 egin genituen. Lehenengoak 8 ordu eta 39 minutu egin zituen eta nik 8 ordu eta 53 minutu.
Zenbat lagun joan zarete Mexikora?
Asier Oiarzabal Azpeitiko laguna, Markina-Xemeinen bizi den Iker Lasuen eta hirurok joan gara hemendik. Gero Gasteiztik beste lau joan dira Eneko Llanos profesionala eta bere lagunak. Llanosek hirugarren egin zuen.
(Elkarrizketa osoa bihar, papereko edizioan eta interneten)