Emanaldia
musikala da eta
Bilboko Aste Nagusian estreinatu zuten. Ikuskizuna ikusteko sarrerak erreserbatu ahal dira. Aktoreen artean egoteaz gain, musika zuzendaria ere bada Maruri.
Kabaret kutsuagaz, musikala dakar oraingoan Iñaki Marurik. «Aste Nagusian estreinatu genuen eta arrakasta handia eduki zuen. Hori dela eta, irailean eta urrian ere emanaldiak eskaini genituen, jendeak erreserbak egiten jarraitzen zuen eta. Orain, Gabonetan, berriro berreskuratu dugu», azaldu du Marurik.
Maruri, egindakoagaz «harro»
Orain arte ez modura, Marurik beste eginkizun garrantzitsu bat ere bete du lan honetan. «Musika zuzendaria izatea erronka pertsonala izan da. Eta egindako lanagaz oso gustura nago; harro nago».
Dena dela, entseguekin hasi zirenean, «lana gogorra» izan zela esan du. «Egiteko asko nituen eta estutu ere egin nintzen. Baina azkenean, dena ondo atera zen eta jendeak ondo erantzun zuen. Beraz, pozik gaude».
Emanaldia bi ordu ingurukoa da. Abenduaren 26an, 27an eta 28an 22:00etan eskainiko dute, Pabellon Nº 6 aretoan (Zorrozaurre). 29an eta 30ean, ostera, 21:00etan izango da emanaldia.
Sinopsia eta gonbitea
Orokorrean, ikuskizunak gaueko klub baten bizi diren gorabeherak kontatzen ditu. Krisi ekonomikoak ikututa, publikoa gutxitu zaio klubari eta horren ondorioz klubak bizi duen egoera kontatzen du musikalak, besteak beste.
Musikala «ikusgarria» dela dio Marurik. Eta horregatik, herritarrei Bilbora gerturatu eta Gabonetako egunetan antzezlana ikusteko gonbitea egin die.
‘Cabaret Chihuahua’
Fitxa
Zuzendaria eta testuak. Felipe Loza.
Aktoreak. Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina, Enriqueta Vega, Lander Otaola, Ylenia Baglietto, Quique Gago, Diego Perez eta Irene Bau.
Musika zuzendaria. Iñaki Maruri.
Koreografia. Ylenia Baglietto.
Argiztapena. Iñaki Garcia.
Jantziak. Enriqueta Vega eta Fernando Arzuaga (Arriaga Antzokiak kolaboratzen du).
Sarrerak. Internet bidez (
www.pabellon6.org) edo telefonoz deituta (639 76 67 20) egin ahal dira erreserbak. Prezioa: 15 euro (bazkideentzako deskontuak daude).
Lekua. Pabellon Nº 6, Ribera Kalea, 47 (Bilbao).