Olentzero eta Mari Domingi
Gabon eguna heltzeko gutxi falta da dagoeneko, eta Euskal Herriko ikazkin famatuena eta Mari Domingi menditik bajatzear daude. Hain zuzen, hilaren 24an eta 25ean banatuko dituzte opariak bertoko umeen eta helduen artean, baina gutunak jaso beharko dituzte lehenago. Horretarako, Olentzerok eta Mari Domingik Lea-Artibai eta Mutriku bisitatuko dituzte hilaren 23an eta 24an. Hala, egun handia heltzeko irrikitan dauden umeekin batuko dira.
Olentzero herri guzti-guztietan izango da egunotan. Herri batzuetara bakarrik joango da, baina beste hainbatetan Mari Domingiren laguntza izango du. Hori bai, ohi bezala, Olentzero kantu eta musika artean elkartuko da umeekin. Hala, jai giroaz gozatzeko aukera izango dute ume zein nagusiek.
Hilaren 24ko iluntzean umeekin batu ostean, bestalde, opariak banatuko dituzte, gauaren babesean. Betiko legez, Gabon gaueko momentu magikoena izango da berori txikientzat.
Auzoz auzo, baserriz baserri
Olentzerori harrera egiteko modurik bereziena zenbait herri txikitako herritarrek proposatutakoa izango da. Izan ere, Gabon egunean auzoz auzo eta baserriz baserri kantatzeko ohitura mantentzen dute zenbait herri txikitan. Arratsaldetik kantuan arituz, hortaz, egun eder bat pasatzeko aukera izango dute herri horietan.
Aulestin, Ispasterren eta Mendexan ariko dira kantuan auzoz auzo. Aulestin, goizean umeak joango dira etxez etxe eta baserriz baserri, eta arratsaldean gaztetxekoak. Ispasterko herritarrak 16:00etatik aurrera ariko dira kantuan, eta 15:00etatik aurrera Mendexakoak.
Beste zenbait herritan ere Gabon kantak abestuko dituzte herritarrek, Olentzerori merezi duen harrera egiteko. Berriatuan, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan musikak eta kantuek garrantzia berezia izango dute Gabon egunean.
HERRIZ HERRI:
Amoroto
- Abenduak 24. Olentzero plazara helduko da, 19:30ak inguruan. Ume eta gaztetxoak agurtu eta haiek eskatu dizkioten opariak zeintzuk diren jakin nahiko du.
Aulesti
- Abenduak 24. Olentzeroren etorrera abesbatzak alaituta, 18:30ean. Gazte asanbladak gaztaina erreak banatuko ditu.
Berriatua
- Abenduak 24. 10:00etatik aurrera kantuan ariko dira ume eta gurasoak. 10:00etatik 13:00etara, ateak zabalik udaletxean, herriko gurasoentzat. 18:00etan, Olentzerori ondoetorria. 18:30ean, opari banaketa.
Etxebarria
- Abenduak 24. 18:15ean Patrokutik aterako da Olentzero. Lehenengo eskola aurrean kantatuko dute; gero, herrian zehar ibiliko dira abesten, eta eliz azpian amaituko dute jarduera.
Gizaburuaga
- Abenduak 24. 19:00etan, Ludotekan, Olentzerok opariak banatuko dizkie herriko umeei.
Ispaster
- Abenduak 24. 16:00etatik aurrera auzoz auzo Gabon kantak abestuko dituzte herritarrek. 19:00etan, Olentzerori ongi etorria plazan, kantuan. Baserritar jantzita joateko deia egin dute.
Lekeitio
- Abenduak 23. 18:00ak aldera, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira. Kalbariotik hasi, Eskolapera, Kolmenares kalera, Arranegitik pasa eta plazan amaituko da jaia. Plazan umeekin ibiliko dira. Txokolatea eta gaztainak banatuko dituzte.
Markina-Xemein
- Abenduak 24. 17:30ean, Olentzero eta Maridomingi Akarregi aldetik etorriko dira eta alde zaharrean ibiliko dira, Trikitixa Eskolakoek eta Xemein Gazte Ahots Abesbatzak girotuta. Ondoren, opariak banatuko dituzte. Iluntzean, Gabon kantak kalerik kale, Xemein Abesbatzagaz.
Mendexa
- Abenduak 24. Herriko tabernan elkartu eta base-rriz baserri kantatzera joango dira, 15:00-etatik aurrera. 19:00etan Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira basotik, traktorean, eta dantza taldeak harrera egingo die. Ostean, dantzak plazan. Azkenik, herriko frontoira joango dira opariak banatzera. Gaztaina erreak eta txistorra egongo dira denentzat.
Munitibar
- Abenduak 24. Olentzero etorriko da, 18:30ean.
Mutriku
- Abenduak 24. Olentzero herriko kaleetan zehar akordeoilariekin. Banda txikikoak goizean ibiliko dira kalez kale.
Ondarroa
- Abenduak 24. 12:00etan, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, KamiƱazpitik Musika Plazara. Amaieran, Olentzero eta Mari Domingik umeen eskutitzak jasoko dituzte. Antolatzailea: Egunsentia Kooperatiba. 18:00etatik aurrera Unanue Kamara Korala kantari, kalez kale. 19:00etan Olentzero etorriko da, eta kalejira abestua egingo dute Augustin Zubikarai plazatik hasita. 19:00etan, Gabonetako kantak abesten ariko da Kantaize Rondalli.
Ziortza-Bolibar
- Abenduak 24. Olentzero eta Mari Domingi helduko dira plazara, 18:30ean. Opariak eta gaztaina erreak banatuko dituzte. Ziortza-Bolibarko 15 urtera arteko ume eta gaztetxoek oparia jasoko dute.