Bizkaiko hitzarmenaren ultraktibitatea defendatzeko lehenengo epaiketa eguna izan da gaur, epaileak abendukoa atzeratu ostean. Hori dela eta, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean bildu dira Bizkaiko kontserbera enpresetako 20 bat delegatu–tartean, eskualdekoak–. LAB sindikatuaren arabera, gaurko epaiketan patronalak “Bizkaiko hitzarmenaren ultraktibitatea bukatu dela argudiatzen jarraitu du, eta, beraz, enpresek, nahi izanez gero, hitzarmen estatala aplikatu dezaketela” gaineratu du. Bizkaiko Kontserberetakoek, aldiz, enpresek orain arte zuten hitzarmena aplikatzen jarraitu behar dutela azaldu dute, Bizkai mailan beste hitzarmen bat sinatu arte. Bitartean, epaiketa kanpoan zeuden delegatuek “hitzarmenak indarrean jarraitu behar duela” eskatu dute, besteak beste.

Azkeneneko erabakia hartu beharko du gaur epaileak: alegia, Bizkaiko hitzarmenak indarrean jarraitu behar duen, alegia, ultraktibitatea duen, ala enpresak estatala ezartzen hasi behar duten erabaki beharko du. Sententziaren zain geratu dira kontserberetarako langileak; dena den, gaur erabakitzen dena erabakitzen dela, negoziazioekin aurrera jarraituko dutela azaldu du LAB sindikatuak, “Bizkai mailan negoziatzen jarraitzeko eta ez ezartzeko Madrilen negoziatzen dena”. Era berean, “enpresek orain arte kendutako eskubide guztiak bueltatzea” eskatzen jarraituko dute, eta beraien “lan baldintzak mantentzeko borroka jarraitzeko asmoa” erakutsi dute.
Ez da ulktraktibitatearen defentsan kalera ateratzen diren lehen aldia; abenduaren 18an, esaterako, greba eguna deitu zuten Bizkaiko kontserbera enpresek, eta horien artean %60-%70ak egin zuen bat deialdiagaz. Lea-Artibaiko kontserba enpresak ere
Bizkaiko hitzarmenaren ultraktibitatearen alde agertu ziren, momentu horretan itxita egon arren. Hala, egun horretarako deituta zegoen greba eta mobilizazioekin bat egin zuten, besteak beste, Ondarroako Guenaga, Agirreoa eta Ortiz enpresek eta Markina-Xemeingo Denticik.