Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak
lau ekintza proposatzen ditu herrian mugikortasun jasangarria bultzatzeko, batera edo banaka egin daitezkeen ekintzak. Helburua oinezkoen eskubideak sendotzea da, bizikletan edota beste garraiobide jasangarri batzuekin –patinak, skateak– ibiltzeko aukera eskainiz. Taldearen asmoa plan hori aurrera eramateko eskariak egiten hastea da, dagokien erakundeei. Gainera, ekarpenak jasotzeko zabalik dago. Interesatuek mailez edo taldeko blogaren bidez egin dezakete:
eguzkileartibai@gmail.com/eguzkiondarru.wordpress.com.

Institutu eta Gazteleku parea. Argazkia: Eguzki
Institutuan eta Gaztelekuan Artibai errekaren alboak libre lagatzea da planak jasotzen duen lehen ekintza. Izan ere, erreka alboko bidea itxita dago Txomin Agirre liburutegi aurretik Artibai nagusien egoitzara bitartean. “Institutuko eta Gaztelekuko hesiek bidea mozten dute. Bide hori libre lagata, erreka albotik oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko bidea sor daiteke”, azaldu dute ekologistek. Horrela, Ibaiondotik alde zaharrerako “bidegorri” bat lortuko litzateke Eguzkiren arabera, bi norabidekoa. Gainera, legeak erreka alboko pasabideak libre laga behar direla dioela gogora ekarri du Eguzkik.

Erribera, Nasa eta Kantoiperako proposamena. Argazkia: Eguzki
Bigarren proposamenak Erribera, Nasa eta Kantoipe oinezkoentzako guneak izatea jasotzen du, Kale Handin, Iperkalen eta Goiko Kalean egin den modura. Planak jasotzen duenez, igo eta jaisteko pibotak ipini behar dira eremu horretan. “Bertako bizilagunek sartu irtenak egiteko txartelak eduki ditzakete, eta goizetan karga eta deskargako ordu batzuk laga daitezke”. Osterantzean, oinezko eremua izan beharko luke, eta bizikletek alde batera eta bestera pasatzeko eskubidea edukiko lukete, beti ere abiadura kontrolatuta.

San Inazio kalea. Argazkia: Eguzki
Haurtzaindegitik Zubi Barriraino San Inazio kalea oinezkoentzat izatea. Hori da Eguzkik proposatzen duen hirugarren ekintza, gaur egun Erribera eta Nasa kalea dauden moduan utziz. Gaur egun legez, autoei norabide bakarrean pasatzen lagatzea eskatzen du talde ekologistek; bestalde, espaloiak eta errepidea altura berean ipintzea proposatzen dute, bizikletak bi norabideetan mugitu ahal izateko.

Artabide kalea. Argazkia: Eguzki
Laugarren ekintza Artabiden egitekoa litzateke: bizikletentzako bidea. Artabideko errepidean bizikletentzako bide bat margotu behar da Eguzkiren iritziz. Eremu hori autoek eta bizikletek partekatuko lukete, baina autoek bizikleten erritmoa errespetatuta.