
Domekan, Sierra Nevadan
Sasoi-sasoiko dago Nahia Quincoces. Zapatu-domekan mendiko eskiko Sol y Nieve sariketan parte hartu du mendexarrak, Sierra Nevadan (Granada, Andaluzia).
Zapatuko proba Espainiako Koparako puntuagarria zen. Quincoces gustura sentitu zen hasiera-hasieratik, eta kontzentrazio onagaz egin zuen ibilbide osoa. 1.12.35eko denboran osatu zuen lasterketa, bigarren sailkatuarengandik ia hiru minutura. Bigarren Monica Saez (1.15.52) sartu zen eta hirugarren Maribel Martin (1.20.01).
Irabaztea espero zuen ala ez galdetuta, Quincocesek «ez eta bai» erantzun du. «Parte hartzaileak zeintzuk ginen jakin nuenean, aukerak izan nitzakeela pentsatu nuen», adierazi du.
Otsailaren 1-2ko asteburuan jokatuko du hurrengo proba, Euskal Herriko Kopako lehen proba.