Barne Ministerioaren
hanka-sartzea baliatu du Velascok zortzi bitartekariak espetxeratzeko, orduan frogak deuseztu zituztela argudiatuz, orain ere egin dezaketela esanez. Atxilotuek ez dute deklaraziorik egin, eta zortziak
baldintzarik gabe espetxeratu dituzte.
Epaileak argudiatu du aske utziz gero ihes egiteko eta frogak deusezteko arriskua dagoela, “atxilotu zituztenean egiten saiatu ziren moduan”. Velascok frogatutzat ematen du
Espainiako Barne Ministerioak operazioaren berri aldez aurretik eman ondoren, bitartekariak frogak deusezten saiatu zirela, atxilotu bitartean. Guardia Zibilak berak operazioa egin zuen egunean jarri zuen susmo horren gainean.
Arantza Zulueta Estremerako kartzelara eroan dute (Urtza Alkorta ondarrutarra hantxe dago) eta gainerakoak Aranjuez, Navalcarnero, Soto eta Alcalako espetxeetara eroan dituzte.
Gaur, urtarrilak 13, 12:00 aldera hasi dira EPPKren bitartekari taldeko kideak deklaratzen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko atxilotuak 10:30ean hasi dira deklaratzen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Efe agentziaren arabera, 09:10ean iritsi dira auzitegira atxilotuetako batzuk, eta 09:20an gainerakoak. Guardia Zibilaren autoetan ailegatu dira, eta ez dute zehaztu nor sartu den noiz.

Eguaztenean Lekeition Zuluetaren etxea miatzeko egin zuten operazio poliziala.
Europa Press berri agentziak iragarri duenez, zortzi atxilotuak baldintzarik gabe atxilotzeko eskatuko du Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Libre geldituz gero asteazkenean atxilotutakoek ihes egin dezaketela uste du fiskalak.
Asteazkenetik atxilo
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak eta Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz bitartekari taldeko kideak asteazkenean atxilotu zituen Guardia Zibilak, ETAren eta “bere presoen” arteko zubi lanak egitea leporatuta.
Herrira-ren kontrako sumarioaren jarraipena dela esan zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ez zituzten inkomunikatu, eta 72 ordu baino lehen epailearen esku utzi behar zituen Guardia Zibilak. Baina, inkomunikatu ez arren, “terrorismoaren kontrako legedia” aplikatu zieten, eta Velasco epaileak atxiloaldia luzatzeko baimena eman zuen.
15:00ak baino lehen utzi beharko dituzte epailearen esku. Gero, hark erabakiko du atxilotuak preso sartu edo ez.
Guardia Zibila larunbatean saiatu zen atxilotuei deklarazioa hartzen, eta Ainhoa Baglietto eta Haizea Ziluaga abokatuak Madrilgo Tres Cantosko komisarian izan ziren horretarako. Hala, atxilotuekin egoteko aukera izan zuten, eta, jakinarazi zutenez, zortzi lagunak ondo daude. “Tratu egokia” izan dutela azaldu zuten, baina ez dute ulertzen zergatik ez dituzten epailearengana eraman Guardia Zibilaren deklarazioaren ostean.
Erreakzioak
Espetxeratzeak bezalako «erasoen» gainetik, herritarrek bakea eta eskubideak eskatuz kaleak betetzen jarraituko dutela uste du Alternatibak.
Aralarrek, ostera, atxilotuak kartzelaratzea «giza eskubideen eta demokraziaren aurka» doala esan du.
Auzitegiak igorritako AGIRIA