
Lekeitioko Udalak
udal kudeaketan jarraitu beharreko Kode Etikoa onartu du. Bertan,
Udaleko alkate eta zinegotzien konpromisoak eta neurriak zehazten dira: opariak ez onartzea, protokoloan eta ordezkaritzan egindako gastua herritarrei begira azaltzea, edota haien egiteko publikoarekin lotuta interes ekonomikoren bat izan lezaketen auzietan ez partehartzea.
Helburua, administrazio publikoa kudeatzeko garaian eduki beharreko irizpideak zehaztea izan dela argitu du udalak. Gardentasuna, interes publikoa nagusi izatea, kargu publikoa alderdiaren edo norberaren xedeetarako ez erabiltzea, karguarengatik eduki daiteken informazio pribilegiatua norberaren onurarako ez erabiltzea, legeria zehatz-mehatz betetzea, administrazioko kontratazioetan publizitate eta konkurrentzia printzipioak erabiltzea, langileen hautaketarako meritu eta gaitasuna lehenestea, eta gastu publikoaren kontrol zorrotza aitatu dituzte besteak beste.
Jarraipen batzordea
Udal ordezkariek, Kode Etikoan zehazten diren neurrien betetze maila kontrolatzeko, Jarraipen batzorde bat osatuko dute, hiru hilabetean behin batuko dena, gutxienez, kontu hauek ebaluatzeko. Hautetsiren batek, Kode Etikoan agertzen diren konpromiso eta neurriak beteko ez balitu, ikerketa batzordea martxan jarri, gaia landu eta dagozkion ondorioak proposatuko dituela azaldu du udalak.
«Kode Etikoa onartzearen beharra ikusi dugu bada udal honetan, oso arduratuta baikaude ustelkeria oso praktika zabaldua delako administrazioetan», esan dute.