Neskatila, saregile eta paketatzaileen eskubide sozialak aitortu ditu itsasoko emakumeei buruzko europar txostenak. Euro-ganberak
EAJk zentzu horretan aurkeztu zituen zuzenketa gehienak onartu ditu. Europar Parlamentuaren ebazpen proposamenean sartu ziren zuzenketek ezer baino lehenago islatzen dute arrantza lanbide auxiliarretan ari diren euskal emakumeen kasua: saregile, neskatila eta paketatzaile izenak sartu dira, eta egiten duten lanaren deskribapena egin da «arrantza sare eta tresnak egitea eta konpontzea, arraina itsasontzitik deskargatzea eta sailkatzea, ontzira hornigaiak sartzea eta prozesatzea, arrainaren transformazio,paketatze eta merkaturatzea eta arrantza enpresen kudeaketa».
Lanaren gogortasuna aitortuz
Onartu berri dituzten zuzenketek arrantza aukerei lotutako lanbideei dagozkien eskubide sozialak aitortzea bilatzen dute: erretiratzeko adina aurreratzeko koefizienteak aplikatzea defendatzen da «lanaren gogortasuna, gaueko lana, arriskua, produkzio erritmoaren mende dauden ordutegiak eta arrantza aukerak» kontuan hartuta.
Ebazpen horren bidez, Batzordeari, Kontseiluari eta Estatu Kideei eskatzen zaie lanbidean ematen diren gaixotasunak arautzea eta aitortzea. Helburu horrekin, txostenean jaso dituzten ekarpen horiek proposatzen dute estatu kideek «talde ezberdinetako emakumeek profesionaltasun egiaztagiriak lortzeko prozesuak» martxan jartzea.
Izaskun Bilbaok atzo azpimarratu zuenez, «Euskadin arrantza sektoreari lotuta lan egiten duten emakumeak zorionekoak dira». Izan ere, Arrantza Batzordeak itsasoko emakumeen lana aitortzen, beren eskubideak hobetzen, prestakuntza eta lanbidean sartzea arautzea defendatzen eta Europako Batzordeak emandako laguntasunetan posizioa hobetuko duen txostena onartu zuen atzo.