Tabernaria izan zen, eta gaur egun ingeniaria da, baina irakaskuntzan behar egiten du. Horretaz gain, bere denbora librean idaztea du gogoko eta irailaren hasieran bere lehenengo liburuak argia ikusi zuen. Hori gutxi balitz, ume txiki baten ama be bada. Jatorra, irekia eta natural-naturala da. Eta freskotasun berberagaz, bere liburua eskuetan duela, hizketalditxo bat edukitzeko prest agertu da Maria Diaz Maza (Madril, 1981).
Nola ailegatu zara liburu bat idaztera?
20 urte nituenean nire ahizpa jaio zen. Eta betidanik hari ipuinak kontatzen ibili izan gara familian. Beti-betiko ipuinak kontatzeaz gain, guk asmaturikoak be kontatzen genizkion. Eta liburuan bildu dudana berari kontatutako eta nik asmatutako ipuina da. Berari ordu erdi batean kontatzen nion, baina idazten hasi nintzenean dezente luzatu da ipuina eta, azkenean, nobela bat atera zait.
Beraz, zure inspirazioaren iturburua zure ahizpa izan da.
Bai, Uxue izan da liburu honen iturria. Gainera, gero, idazten hasi nintzenean, ideia batzuk berak eman zizkidan. Nire senarrak be bai. Orain, ahizpak 11 urte ditu eta amagaz eskolarako liburu hau dago irakurtzen. Eta amari esaten dio: «hau nik kontatu nion».
Egunen batean egile eskubideak bereak direla esango dizu ahizpak.
[Kar-kar-kar] Izan liteke. Ahizpa nagusiak be azaleko irudia egin dit. Eta amaginarreba komertzial lanetan dabil, lagunei liburua erosteko esaten.
Beraz, ia familiako kide guztien laguntza eduki duzu?
Bai bai, dena etxekoekin egin dudala esan daiteke.
Zein helburugaz idatzi duzu liburua?
Lehendabizi jendearen gustukoa izatea nahi dut. Diru sarreratxo bat ematen badit be ondo etorriko zait. Izan be, horrek denbora gehiago emango lidake, eta denbora gehiago badut, gehiago idatzi ahalko dut.

Maria Diaz Maza, bere liburua eskuetan dutela.
Irailean argitaratu zenuen liburua, baina noiz idatzi zenuen?
Duela hiru urte inguru. Tarteka joan naiz idazten. Gero, honek bere prozesua eduki du. Erregistratu, argitaletxea bilatu eta, azkenik, argitaratu.
Argitaletxea topatzea ez zen ba lan erraza izango, ezta?
Hasieran argitaletxe handien ateak jo nituen, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Etxera gutunak heltzen hasi ziren, eta urduri jartzen nintzen. Baina, azkenean, denak ezetz esateko ziren. Gero, Lekeitioko Aralde liburudendara joan nintzen eta bertakoak esan zidan saretik beste argitaletxe batzuk kontsultatzeko. Eta, azkenean, Lampedusa argitaletxean amaitu nuen. Euren eskaintza «onena» zenez, eurekin egitea pentsatu nuen. Argitaratu egin dute, eta niri hamar ale eman eta gero, banaketagaz eurak arduratu dira.
Liburua nori zuzenduta dago?
Liburuan ipuin bat kontatzen dut, nire ahizpari kontatu niona. Umeentzako zein nagusientzako ipuina da. Kontua da ume batek irakurtzeko luzeegia dela eta nagusi baten laguntza beharko lukeela. Baina, izatez, liburua helduak eta umeak entretenitzeko dago pentsatuta. Barre asko egitekoa da.
Funtsean, zein da liburuaren argumentua?
Alonsito ume bihurria da eta ez ditu haginak garbitzen. Ondorioz, bere hortza ez dago ondo. Dentista batek hagina kentzen dio eta gauean, Perez arratoiak, umore txarrez, estolderietan lagatzen du hagina, ez delako hagin ona. Estolderietako iluntasunean Urigui izeneko haginak arratoiak bilatzen ditu. Baina arratoiak ez dira Uriguik topatzen dituen izaki bakarrak. Liburuak denetariko abenturak biltzen ditu. Istorio bakar baten baitan beste istorio txiki batzuk bildu ditut.
Irakurri dutenek zer nolako kritikak egin dizkizute?
Ingurukoek gustatu zaiela esan didate. Uste nuen ingurukoek beti esango zutela ondo zegoela, baina batek esan zidan kritikoenak ingurukoak izan ohi direla. Beraz, pozik nago, gustatu egin zaie-eta.
Ahizpari kontatutako ipuinean oinarritu zinela esan duzu, baina beste zeozertan be oinarritu zara?
Richard Adamsek animaliei buruz idatzitako nobela batek be ideiak eman zizkidan. Liburu hori 17 urtegaz irakurri nuen, baina nire ipuina idazterakoan gogoan eduki dut. Niretzako ipuin hori oso zirraragarria izan zen.
Liburua esku artean hartu zenuen lehenengo aldian, zer sentitu zenuen?
Kutxa bidali zidatenean eta zabaldu nuenean, egun osoa liburuari begira pasatu nuen. Familiako kide guztiei erakutsi nien. Hasierako emozioa pasatu zenean, liburua irakurtzen eta akatsak bilatzen hasi nintzen. Akats txikiak dira, baina ale gehiago atera behar badira, ba zuzenduko ditugu.
Bigarren ateraldia espero duzu, ala?
Amaginarreba fin-fin dabil liburuaren promozioa egiten eta bide horretatik laster agortuko dira [kar-kar-kar].
Eta non dago liburua salgai?
Momentuz Internet bidez salgai dago eta Lekeitioko Aralde liburudendan be salgai dago. Dena dela, beste edozein liburudendatan, eskaera eginez gero, erraz lor daiteke. Aurkezpen ofiziala be egiteke daukagu; laster egingo dugu.
Eta, aurrera begira, liburu gehiago idazteko asmoa daukazu?
Denbora izanez gero, bai. Egungo bizi eredutik ihes egiteko modu bat da niretzako, eta ideia gehiago baditut buruan. Beraz, bai, gehiago idaztea gustatuko litzaidake. Badaukat zer kontatu.
Madrilen eta Malagan bizi izan zara eta tabernari eta irakasle lan egindakoa zara. Beraz, kontatzeko asko eduki behar duzu, ezta?
Bai, bizipen asko ditut eta denetariko istorioak idatziko nituzke. Gauza asko gogora etortzen zaizkit, baina denbora da behar dudana.
Ba al daukazu bereziki miresten duzun idazlerik?
Asko. Ezin dut bakarra aukeratu. Asko irakurtzen dut eta asko gustatzen zaizkit.
Etxean beti eduki duzue irakurtzeko zaletasuna?
Bai. Liburuak beti irakurri izan ditugu. Orain, gainera, ume txikia daukat, eta gehiago irakurtzen dut.