Barikuan Esteibarregaz eta Obietagaz plazan egitekoa zen erromeria Gaztetxean egin behar izan zen azkenean. Gainera, eragina izan zuen jendearen parte hartzean. ez zen jende gehiegirik ibili.
Zapatuan inor gutxi geratu zen mozorrotu barik. «Jende asko animatu zen», esan dute jai batzordeko kideek. Arratsaldean, umeen parkeak txiki utzi zuen frontoiko kantxa. Guraso eta ume asko jolas gunean zebiltzan bitartean, beste batzuk mus txapelketan ari ziren. Bedaruko gizonezko bik irabazi zuten sariketa.
Bestalde, mozorro lehiaketako sariak eman barik geratu ziren. Jai batzordeak jakitera eman duenez, egunotan erabakiko dute sari banaketa noiz egin, eta ezagutzera emango dute.

Domeka oskarbi ailegatu zen, eta trikitilariek kalejira egin ahal izan zuten: giro ederra ipini zuten, gainera. «Poteoan jende asko batu zen, giro onean». Arratsaldean frontoian jarraitu zuen jaiak, esku pelota partiduekin.
Bakarrizketa saioa izan zen jaiei amaiera eman ziena. Ordu bi iraun zituen, eta amaitu orduko 22:00ak ziren. «Datorren urtean arinago hasiko da azken saioa. Batzuentzat beranduegi amaitu zen», adierazi du jai batzordeak.
Aulestin ere, goi-goitik
Aulestiko Narea auzoan ere ez da aspertzeko astirik egon asteburuan: zapatu goizean umeen jolasak egon ziren aukeran, eta 13:00etan, zaldi dema eduki zuten. Edarto baten pasatu zuten txiki zein nagusiek. Arratsalde partean mus eta briska txapelketari egin zieten tartea, eta gauean erromeriagaz eta txokolate janagaz gozatu zuten.