Ondarroako Txomin Agirre udal liburutegira herritarrek eramaten dituzten liburuekin zer egin pentsatzen hasita, liburutegiko langileek txoko berezia egin zuten liburutegian. Horrela ba, herritarrek, liburutegian dagoen gune horretan dauden liburuak eraman ahal dituzte. Eta nola ez, etxean dituzten eta behar ez dituzten liburuak liburutegira ere eroan ahal dituzte. “Herritar batzuk ekartzen dituzte liburuak. Eta guztiak ezin direnez liburutegian erabiltzeko gordeko, horiekin zer edo zer egin pentsatzen hasi ginen”, azaldu du Yolanda Urrosolo liburutegiko arduradunak.

Funtsean, gune horretan “askatasuna” ematen dutela dio Urrosolok. “Hor dauden liburuak nahi duenak hartu dezake eta etxera eraman”. Hori bai, liburuak eramaterakoan, liburutegiko arduradunei emateko eskatu dute. “Gero aukeraketa guk egiten dugu. izan ere, izan liteke liburu batzuk liburutegi barrurako gordetzea. Baina liburu berberaren ale asko badaude, gune berezi horretarako lagatzen ditugu”.
Ekarpen guztiak “ongietorriak” direla dio Urrosolok. “Denbora daramagu etxeetan behar ez dituzten liburuak hartzen. Gune berezia, ostera, iaz hasi zen martxan”.
Liburutegiko ordutegiari dagokionez, astelehenetik barikura, 09:30etik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara egoten dela zabalik jakin eragin dute. Zapatuetan, ostera, 09:30etik 13:00etara dago zabalik.