Gabonetatik eskuragarri dago Dina, bizitza eta kirol ibilbidea liburua. Dina Bilbaoren argazkiz eta pasartez bete-bete, ez galtzeko argitalpena da, kirolari eta kirolzaleei ez eze, bizitza bizitzea maite duten guztiei gustatzeko modukoa.
Iñaki Beitia Etxaburuk (Ondarroa, 1960) Ondarroako udal kirol batzordeko kideak ondo ezagutzen du argitara emandakoa, eta ondo ezagutu zuen protagonista.
Iñaki Beitia
Ikusgarria eta irakurterraza da Dina Bilbaori buruzko liburua.
Bai, horrela da. Dinaren familia aurkeztu eta Ondarroan eman zituen ume-gazte garaiak jorratzen dira hasieran. Gero, Tolosako garaia islatzen da, eta azkenik, Antiguako irletan eman zituen urteak. Bestalde, bere kirol ibilbidea ere ondo azaltzen da, bereziki, txirrindu eta triatloiei eskainitako urteak, eta zelan ez, egin zituen bidaia guztiak ere bai.
Dina ondo ezagutu zenuen. Zelakoa zen hurretik hurrera?
Dina 1960ko abenduaren 31n jaio zen. Ondarroako Kamiñazpi auzoan igaro zuen bere haurtzaroa. Garai hartako haur guztiek modura, bere lagunekin kalean egoten zen ea egun guztian, sasoian sasoiko jolasetan eta zenbait kiroletan arituz. Pertsona eta lagun ona izateaz gain, lasaia, alaia, hitz jario goxokoa, guztiekin ondo eramaten zena, ile horia, begi urdinduna eta beti irribarrea aurpegian zituela azpimarratuko nuke.
Eta gerora, Tolosara joan zen.
20 bat urte zituela abiatu zen Tolosara bizitzera. Baina Ondarroagaz orokorrean eta bereziki bere familia eta koadrilagaz ez zuen inoiz harremanik galdu. Laster bilatu zion bere bizitzari zentzua, eta bizimodu berezi bezain ez ohikoan, kirola, natura eta abentura uztartu zituen.
Ez zuen usteko Dinak, noizbait norbaitek bere paper zahar guztiak bildu eta garrantzizko zerbait egin nahiko zuenik haiekin irakur daiteke liburuaren kontrazalean.
Bai, Nagore Salaberriak Dinaren zenbait idatzi eta agendak izan ditu eskuartean, eta «bere barruko» hainbat gauza jakiteko aukera izan dugu liburua irakurtzean.
Kirolari handia zen Dina, eta triatloiaren hasierako urteak bizi izan zituen, eta hantxe topatu zuen bere kirol kuttuna. Zelan gogoratzen dituzu zuk urte haiek?
Helburu nagusitzak inoiz ez bazuen hartu ere, Euskal Herriko zein estatu mailako hainbat eta hainbat lasterketa irabazitakoa da Dina. Inoiz ez zuen hori lau haizetara zabaldu.100 triatloi egin zituen, horietako sei Iron Man deitutakoak, gogorrenak, alegia. Berari esker ezagutu genuen guk ere garai hartan. Kirol modalitate «berria» zen triatloia.
Ikusi zenuen probaren batean?
Parte hartu zuen hainbat triatloi ikusten egon nintzen, eta hortik kanpora, komunikabideetatik ere jarraipen zuzena egiteko aukera eduki nuen. Aipatu beharra daukat, garai hartan, Ondarru Saskibaloi Taldean buru belarri sartuta nengoela, eta ikusten ginen bakoitzean, bere animoak jasotzen nituela bide horretan jarraitzeko, Ondarroan, neskek, aukera hori galdu ez zezaten.
Elkar animatzen ibiltzen zineten, orduan.
Bai. Zentsu horretan, zera aipatuko nuke: Dina, harro zegoen emakume izateaz, eta emakumeen berdintasun alorrean asko egin zuen, bai emakumeen partaidetza errotu barik zeuden zenbait kirol modalitateetan zuzenean parte hartuz, bai eta beste emakume asko animatuz eta laguntza eskainiz ere. Emakumeei eta gizonezkoei banatu behar zizkieten sariak berdinak izan zitezen egin zuen borroka ere azpimarragarria da. Emakume askorentzat eredua izan zen Dina, kirol munduan ez ezik, beste hainbat alorretan ere.
Leku asko eta oso ezberdinak ezagutu zituen Dinak, askok bizitza luze batean izaten ez dituzten bizipenak izan zituen.
Beste herrialdeetako ohitura, kultura, hizkuntza eta kezken inguruko jakin-minak mundu guztian zehar egin zituen bidaiei eta abenturei zentzua eman zien. Izugarrizko grina zuen bidaiatzeko, bata amaitu bezain laster, hurrengoa antolatzen hasten zen. Asko ziren egindako bidaiak, bata bestea baino bereziagoak: Nilo ibaia piraguan jaitsi zuen, Andaman irletan arraunean egin zuen, Groenlandia eskiekin zeharkatu zuen, izozteko zorian egon zen Kanadiako Yukonen, Cabo Nortera joan zen bizikletan, Artikotik Tropikora espedizioan parte hartu zuen. Naturarekiko errespetua eta maitasuna ere azpimarratzekoak ziren Dinaren ezaugarrien artean, eta bere kirolzaletasuna bide, aitzindaria izan zen zenbait kiroletan.
Non dago eskuragai liburua?
Turismo bulegoaz gain, herriko beste zenbait liburu dendetan eros daiteke, 12 euroren truke.
Tolosan ale dexente saldu dituzte argitara eman zenetik…
Guztira 600 ale argitaratu ziren, 500 Ondarroarako eta gainontzeko 100 aleak Tolosarako. Argitarapen prozesu guztia OHZk eraman du, Ondarroako Udalagaz sinatutako hitzarmen bat bitarteko. Aurreneko 100 aleak berehala saldu omen ziren Tolosan, eta beste horrenbeste eskatu zizkieten OHZ taldeko kideei. Haiek ere bukatu eta hirugarren eskaera bat egin diete egunotan. Ondarroan, berriz, aurreikusi baino salmenta gutxiago dago momentuz. Gabonetako oporrak aprobetxatzeko asmoz, korrika eman ziren azken urratsak, eta beharbada, liburuaren aurkezpen egoki bat ez zenez egin, bere eragina izan du.
Herri biotan lagun asko eta asko utzi zituen Dinak.
Bai, eta guk omenaldi xume bezain hunkigarriak egin genizkion, lehenengoa Saturrarango hondartzan, eta biharamunean, aldiz, Tolosan. Ordutik, lagunek jarri eta zaindutako oroigarri polit bat dago Akilla gainean, talaieroen antzera uneoro itsasoari begira.
Bigarren kirol bekak Arraun taldearen historia jaso du. Aurkezpen data zehaztuta dago?
Ez, lana jaso eta onarpen prozesuan murgilduta egon gara orain arte. Orain, lehenengo hartu-eman bat eduki dugu Ondarroa Arraun Taldeagaz, eta OHZ taldeagaz hitzarmen bat prestatzen ari gara, beraiek argitaratu ahal izateko. Gauzak normal joanez gero, Aste Santu inguruan edo egon daiteke kalean liburua, eta garai hori aprobetxatuko genuke Lore Bengoetxea bekaren irabazleak bere aurkezpena egiteko ere. Oraingoan bi egitasmoak lotuta joango dira: aurkezpena eta liburua kaleratzea.
Eta hurrengo kirol beka zehaztuta dago. Zeini eskainita egongo da?
Bai, urtarrilaren 21eko kirol batzordean erabaki zen, eta aipatzen duzun hirugarren beka hori Juanito Urkizuren inguruan izango da. Hau da, futbolagaz lotuta egongo da 2014ko beka, eta Juanitoren futbolari zein entrenatzaile ibilbidea jorratuko luke. Jakina da Aurreran hasi bazen ere, bere kiroleko ibilbide nagusia Athletic-en egin zuela. Esaten dutenez, Athletic-en historian inork baino lorpen gehiago dauzka Juanitok. Beraz, aipatutako hau eta beste hainbat gauza jakingo dugu laster ondarrutarrok.
Urteko kirolarien gala ere laster izango da. Irabazleak zeintzuk diren esaterik badaukazu?
2013 urteko kirol sariak erabakita dauzka jadanik udaleko kirol batzordeak: urteko kirolari gizonezkoa Iñaki Arantzamendi da, urteko kirolari emakumezkoa Ioana Osa, urteko kirol taldea Ondarru Arraun taldeko mutil gazteen taldea. Aipamen berezia Dinamartxa egitasmoari egingo diogu. Momentu honetan beraiekin elkarrizketak egiten ari gara, jakina denez, ikus-entzunezko muntaiak prestatzen ditugulako.
Eta kirol gala, noizko?
Kirolaren gala noiz izango den zehaztuta dago: datorren otsailaren 11n izango da, martitzena. Sariak emateko kirolari ospetsu batengana joan gara, eta egunotan emango digu erantzuna. Bere asmoa kirolaren galara etortzea bada ere, egutegia zehazten ari dira egunotan, eta laster jakingo du aipatutako egunean hemen egongo den edo ez. Ezinezkoa balitz, beste batzuengana ere joateko gara.