Makilarekin edo makila gabe, kantuan ateratzeko prest dira Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak. Beste hainbat jaik legez, antzina, zentsu erlijiosoa zuen eguna zen Santa Ageda; dena den, egun ia erabat galdua du zentsu hori. Hala, honengatik edo hargatik, koplak kantatuz, diru edota janari eske joango dira gazte zein helduak, etxez-etxe, baserriz-baserri, auzoz-auzo…
Herritarrak kantuan, Ondarroako alde zaharrean.
Santa Ageda bezperan aterako dira kantuan gehienak; eta aurreko zein ondorengo egunetan gainontzekoak. Mutrikun eskainiko dituzte lehenengo koplak etzi, eta abesten azkenak Berriatua eta Ondarroa izango dira datorren zapatu-domekan. Bitartean, Aulestin, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan eta Ziortza-Bolibarren abestuko dute santuaren ohorez.
Norbanako zein elkarteak
Norbanakoak zein talde edo elkarteak izango dira kaleei doinu berezia jarriko dietenak; hala, emakumeen eta hirugarren adinekoen elkarteek, gazte asanbladek, guraso elkarteek, abesbatzek, bertso eskolek… kantatuko dute egunotan.
Dena den, Lea-Artibai eta Mutrikuko ikastetxe eta ikastoletako neska-mutilek ere beraien ahotsez ekarriko diote herriari soinu bitxia.
Orain arte bezala, kantulariek dirua jasoko dute euren abestien ordainetan, gerora diru horri nork bere erabilera emateko. Mutrikuko Santa Eskean batutako dirua, esaterako, Kalaputxi herri aldizkariarentzako izango da, eta Ondarroan batzen dutena, berriz, herriko preso eta iheslarien artean banatzeko. Mendexan, ostera, herriko beharrizanak asetzeko erabiliko dute, eta beharrizanik egon ezean, inguruko herrietara bideratuko lukete.
EGITARAUA
Aulesti
Otsailaren 4ean. Goizean zehar, auzoetatik ariko dira kantari, eta, arratsaldean, barriz, herrian zehar eta plazan.
Berriatua
Otsailaren 8an. 13:30ean, bazkaria egingo dute frontoian, eta bazkal ostean aterako dira abesten.
Ispaster
Otsailaren 4ean. 17:00etan, plazan batuko dira auzoz auzo kantari joateko.
Lekeitio
Otsailaren 4ean. 18:00etan jarri dute hitzordua Batzokian, abesten ateratzeko.
Markina-Xemein
Otsailaren 4ean.
– Markina-Xemeingo Guraso Elkartea 18:30ean aterako da abesten.
– Xemein abesbatza 17:00ak inguruan aterako da lehenengo, zaharren eta jubilatuen egoitzetara, eta gero, alde zaharrean zehar ariko dira.
Mendexa
Otsailaren 4ean. 16:00ak inguruan, herriko plazatik abiatuko dira kantuan, herrian zehar.
Munitibar
Otsailaren 4an. Lehen Hezkuntzako ikasleak 09:30ean aterako dira abestera, Gerrikaitz inguruko baserrietatik. 11:30ean, aldiz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak zahar etxera joango dira, eta han abestu ostean, herri barruko kaleetatik ariko dira santa eskean. 16:00etara arte ariko dira koplatan.
Mutriku
Otsailaren 1ean. Mutrikun 10:00etan, Luardo etxean batuko dira kale eta baserrietara koplak eramateko. Lau talde
ariko dira kantuan: Bertso eskolatik hiru talde aterako dira: 1. taldeak Imanol Lekunberri eta Iñigo Arrizabalaga izango ditu koplari, eta goizean eta eta arratsaldean kalean ibiliko dira santa eskean; 2. taldeko koplariak Jexux Mari Irazu eta Laxaro Astigarraga izango dira, eta talde horrek Olatz eta Ibiri bailarak koplatuko ditu; 3. taldea Astigarrabia eta Olabarrietatik ibiliko da, eta Jokin Uranga eta Orlando Arreitunandia ariko dira kopletan.
– Mijoa auzoko taldean Iñaki Apalategi eta Xabi Astigarraga ariko dira kopletan, goizean Galdua bailaran, eta arratsaldean Mijoan.
Ondarroa
Otsailaren 4ean.
-Herriko ikastetxeetako ume eta gazteak kalerik kale ariko dira, eta 12:00etan Alamedan elkartuta, danek batera abestuko dituzte Santa Agedako abestiak.
-Garraxika Biktimen Ahotsa elkarteak deituta, 11:00etan, Txokotik aterako dira herritarrak, kalerik kale.
Otsailaren 8an. Eguerdian, Kantaize Abesbatza kalerik kale ariko da kantuan.
Ziortza-Bolibar
Otsailaren 4ean. Markola Guraso Elkarteak antolatuta, 17:00etan, Bolibarko plazan batuko dira herrian abesteko.