Nafarroako hegoaldeak arazo larri eta oso desberdin bi dauzka. Alde batetik, historian zehar Erriberaren motore ekonomikoa izan den nekazaritzak beherakada nabarmena jasan du, hango ekonomia kaltetuz. Bestalde, Erribera Nafarroako euskal hiztunen eremutik kanpo dagoenez, euskarak ere kolpe gogorrak jasaten ditu sarritan. Ustez nekazaritzak eta euskarak ez dute erlazio zuzenik, baina, auzolanari esker, nekazaritzari eta euskalgintzari laguntzeko proiektu berezi bat jarri du martxan Errigora egitasmoak.
Peru Aranburu proiektuko ordezkarietako batek azaldu duenez, Nafarroako hegoaldeko produktuen saskiak salduz, nekazaritzari eta euskalgintzari bultzada bat eman nahi diote.
Errigorak prestatutako saskiek hainbat produktu dituzte. Besteak beste, bina olio botila, hiruna piper poto, bina zainzuri lata, potxak, karduak, orburuak eta barazki krema dakartza saski bakoitzak. Otzara horiek 50 euroren truke salduko dituzte, eta ateratako diruaren %25 Erriberako euskalgintzara bideratuko dute. Aranbururen berbetan, «boluntarioek egindako lanari esker», diruaren parte bat euskara arlora bideratzea lortuko dute, eta, aldi berean, nekazariak lagunduko dituzte. Hala, pozarren daudela esan du.
Udazkeneko lehen kanpaina azaroan zehar egingo du Errigorak. Jakinarazi dutenez, hilaren 14ra arte egin ditzakete eskaerak Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko herritarrek.
Alde batetik, proiektua bultzatzen duten eragileen eremuetan eskura daitezke saskiak: AEKn, ikastoletan eta Sortzen elkartearen guneetan. Bestalde, bertoko herrietan ere zenbait leku publiko zehaztu dituzte eskaerak egiteko. Eskaera egiten duten pertsonek hilaren amaieran batu beharko dituzte saskiak, eskaera egin duten leku berean. Aranburuk nabarmendu duenez, epeak zorrotz betetzea oso garrantzitsua da. Horrenbestez, Errigoragaz bat egiteko asmoa izanez gero, «eskaerak lehenbailehen egitea» gomendatu du.
Udazkeneko kanpainagaz lortutako dirua hiru zereginetara bideratuko du Errigorak. Lodosako ikastola, Euskeraz Bizi Eta Ikasi herri ekimena eta Erriberako AEK izango dira onuradunak. Eragile bakoitzak erabaki beharko du dirua zertan erabili.
Proiektuaren helburu nagusia nekazaritza eta euskalgintza indartzea da, baina bada hirugarren erronka bat ere. Hain zuzen, herrigintza egiteko moldeak aldatu nahi dituzte Errigorakoek, herritarren parte hartze boluntarioa sendotuz. Hala eginez, herri izaera indartuko dutela deritzo Aranburuk.
Iaz lehen esperientzia
Egitasmoak iaz eman zituen lehen pausoak. Zazpiak bat Harreman Sareko talde txiki batek ekimen berritzaile bat jarri zuen martxan, ikastolen elkartearen laguntzagaz. Orduan, proiektuak ez zuen Errigora izena, baina nekazaritzaren eta euskararen egoera tamalgarria ikusita, zerbait egin behar zela pentsatu zuen lagun talde horrek.
Kasu horretan, 1.700 saski inguru banatu zituzten, Tuterako Argia ikastolarentzat 34.000 euro inguru lortuz. Ekimenaren arrakastaz jabetuta, proiektua sortu zuten pertsonak euskalgintzako eragileekin jarri ziren harremanetan, egitasmoari zuku gehiago ateratzeko asmoz. Aranburuk dioenez, «ideiak indar handia zeukala ikusi zuten, jendearen parte hartzea ikaragarria izan baitzen». Bitarteko askorik izan ez arren, emaitza oso ona izan zela deritzo. «Ez da erraza horrenbeste diru batzea herri ekimen baten bitartez».
Iazko emaitza hobetze aldera, Errigorak bi kanpaina egingo ditu aurtengo ikasturtean. Azarokoa lehenengoa izango da, eta udaberrian beste kanpaina bat egitea aurreikusten du. Udazkeneko otzarak, esaterako, hainbat produktu dauzka. Hala, Nafarroa hegoaldeko produktuen lagin bat zabaltzea da helburua.
Udaberriko kanpaina, bestalde, desberdina izango da. Euskalgintzako eragileekin egindako kanpaina hori eguneroko kontsumora zuzendutako saiakera bat izango da. Peru Aranbururen berbetan, produktu zehatzak kantitate handiagoetan banatuko dituzte. Adibidez, piper kaxa handi bat edo olio pote handiak. Udazkeneko dastaketa saskiak eguneroko kontsumoko produktuetara salto egiten laguntzea espero dute.
Euskal Herria, Erriberara so
Iazko kanpainagaz alderatuz gero, aurten aurrelan handia egin du Errigorak. 2012an egitasmoak jendearen arreta bereganatu zuen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko ateak zabalduz. Hala, aurten nekazariak eta euskalgintza laguntzetik haratago joan nahi du Errigorak. Elikadura burujabetzaren ikuspuntutik, esaterako, saski baten inguruko kanpaina bat baino zerbait gehiago egin behar dela deritzote egitasmoan parte hartzen dutenek.
Zentzu horretan, erronketako bat Nafarroa hegoaldeko nekazarien artean eta Euskal Herriko biztanleen artean harreman zubiak eraikitzea da, kontsumo bideak zabalduz. Udazkeneko eta udaberriko kanpainek sortuko dituzten baldintzak baliatuz, Euskal Herria Erriberara begira jarri nahi dute. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko ortuetan Euskal Herriko gainontzeko lekuetan hazten ez diren produktuak landatzen dituzte. «Zergatik orduan atzerriko produktuak erosi berton ere produktu horiek eskura badaitezke?».
Hari horretatik tiraka, gauza asko egin daitezkeela deritzo Aranburuk. Hasiera batean apurka-apurka sartu beharko lirateke Erriberako produktuak, baina, kontsumo bide berriak zabalduz gero, elikadura burujabetzaren aldeko pauso sendoa emango luke euskal gizarteak.
Ikastoletako jantokiekin harremanetan jarrita, adibidez, Nafarroako olioa erabiltzeko akordioak sina daitezke. «Gaur egun Andaluziatik ekartzen dute olioa, baina zergatik ez bertokoa erabili?», galdetu du Aranburuk. Bestalde, kontsumo talde desberdinekin lan eginez gero, arroza, olioa, alkatxofak, zainzuriak, orburuak eta pikillo piperrak bertoko kontsumitzaileen artean zabal daitezkeela dio.
Eskaerak egiteko guneak
- Aulesti. Ubillan, eskolan eta Iluntzar tabernan.
- Bermeo. LABen egoitzan, Berh@z bulegoan, kultur etxean, Eleizalde Ikastolan eta AEK-ren egoitzan. Domekan, San Martin azokan jarriko dute ikusgai otzara.
- Ea. Eskolondo tabernan.
- Forua. Haitz Biribil elkartearen egoitzan.
- Gernika-Lumo. Seber Altube ikastolan, AEKren egoitzan, Arrano tabernan, Gernikako Institutuan, Maier lantegian eta Astran.
- Ibarrangelu. Kultur etxean.
- Lekeitio. Iturriotz institutuan, ikastetxe publikoan, Resurreccion Maria Azkue ikastolan, Lea tabernan, Antero dendan, Galarrena tabernan, Alkartetxean, udaletxean, Arritxu tabernan, AEKren egoitzan, Amaren kontsumo taldean.
- Markina-Xemein. AEKren egoitzan, Txokua tabernan, Eika lantegian eta Alarabi dendan.
- Mutriku. Kiroldegian eta Miruaitz frontoiko tabernan.
- Muxika. Herriko txokoetan.
- Ondarroa. Zubizahar Ikastolan, AEKren egoitzan eta Konsuelo harategian.