
Bihar jarraituko du Madrilen gazte mugimenduaren kontrako epaiketak. 11 gazteren defentsa egin zuten joan den barikuan auzipetuen abokatuek eta bihar jarraituko dute gainontzekoekin. Zurine Gojenola eta Gaizka Likona lekeitiarren defentsagaz hasiko da seguruenik epaiketaren biharko auzi saioa.
Gazte Independentisten Bizkaiko arduradun izatea egotzi zion fiskalak Gaizka Likonari eta Lea-Artibaiko arduradun izatea Zurine Gojenolari. Baieztapen horiek egiteko aurkeztutako frogak baliogabetzen saiatuko da bihar lekeitiarren defentsa.
Gaizka Likona Madrilen dago. Zurine Gojenola, aldiz, goizaldean joango da. Autobusa egongo da bihar goizean goiz Lekeitiotik nahi duenak bertara joan ahal izateko.
Epaiketa bihar da amaitzekoa, defentzak bere ondorio guztiak emateko astirik badauka behintzat.
Absoluzioa
26/11 sumarioko gazteei seina urteko kartzela zigorra eskatzeko argudioek ez dutela oinarririk eta guztiak polizien hipotesiak, aldez aurretik ezarritako ondorioak, eta torturapean lortutako inkulpazioak direla salatu zuten defentsako abokatuek azken auzi saioan. Auzipetu guztien defentsa orokorra egin zuten hasteko eta gero, akusazioek bakoitzaren aurka aurkeztutako frogei, banan-banan, balioa kentzen hasi ziren.
Segik gazte mugimendua «instrumentalizatu» egiten zuela izan da Fiskaltzaren argudio nagusia epaiketan. Gazte Independentistak, gaztetxeak, gazte asanbladak, martxak, topaketak edo bestelako edozein ekitalditan parte hartzen zutenean auzipetuek «Segiko desdoblatu» gisa zihardutela esan du akusazioak. Defentsaren esanetan, ordea, polizien hipotesia baino ez da hori, epaitzen ari diren auziko diligentzietatik kanpo dauden txostenetan oinarritua. Gainera, salatu dutenez, ez dago gazteak Segirekin lotzen dituen inolako frogarik.
Auzipetuak Segikotzat hartzeko akusazioek aurkeztutako beste bi elementuak ere kritikatu dituzte defentsako abokatuek: miaketetan atzemandako materiala eta inkomunikazio aldiko deklarazioak. Froga modura aurkeztu dituzten kamiseta, DVD, pizgailu eta gainerakoak Segikoak ez zirenen eskura zeudela azaldu dute, «erraz» lor zitezkeela denda, taberna edo festetan.
Inkomunikazio aldiko deklarazioei dagokienez, baliorik gabeak direla dio defentsak eskubideak urratu zirelako. Batetik, Istanbulgo protokoloa jarraituz aurkeztutako ondorioak aipatu zituzten. Bestetik, auzipetuek epaiketan bertan emandako testigantzak. Defentsaren perituek azaldu zituzten torturaren ondorio psikologikoak, eta horiek kontuan hartzeko eskatu zieten epaimahaikideei.
Instrukzio epailearen aurrean egindako deklarazioei ere balioa kendu diete, inkomunikatuta pasatu zirelako. Azaldu zutenez, hala jaso zuen Auzitegi Konstituzionalak 2004ko epai batean.
Beraz, defentsaren iritziz, ez dute balio dokumentuek, ez jarraipenen ondorioek, ez deklarazioek eta beraz, absoluzioa eskatu dute guztientzat.