
Final interesgarriak ekarri zituen zapatuan Miruaitz frontoira Mutrikuko Binakako Pala Txapelketak. Lehen mailako finalari izugarrizko erritmoa ipini zioten finalistarik gazteenek, Igor Txaparrok eta Xabi Garaldek, eta nagusitasun osoz eskuratu zuten txapela mutrikuarrek.
Ondarroako Atxurra anaiak izan zituzten aurkari, eta ahaleginak ahalegin, ezin izan zuten garaipena eskuratu. Igorrek eta Garaldek konfiantza osoz irten zuten kantxara, ondo jokatu zuten, eta guztia ondo irten zitzaien. «Sasoi-sasoian daude, gazteak dira, eta maila handian ailegatu dira finalera», esan du Jon Mendizabal Danok Bateko kideak.
Bigarren mailako finala oso lehiatua izan zen. Sariketaren azken txanpara helduta, partidu gogorra jokatu zuten Beñat Etxebarria eta Mikela zestoarrek eta Iñaki ondarrutarrak eta Txibu berriatuarrak. Minutu askoan markagailua nahikoa parekatua izan zen. Finala 30 eta 22 amaitu zen, Zestoako bikotearen alde. Bikote batek zein besteak ez zuten asko arriskatu nahi izan, eta hartara, tanto oso luzeak jokatu zituzten, pilotakada askokoak. Partidua ia bi orduz luzatu zen.
Bukaeran, Jose Mari Manzisidor Danok Bateko lehendakaria eta sariketaren antolatzailea egon zen parte hartzaileei sariak ematen, ikusleen txalo artean.
Indarra hartuz
Azken urteetako emaitzak ikusita, datorren urtean ere antolatzeko asmoa dutela esan du Mendizabalek: «Jose Marik ondo baino hobeto antolatzen du sariketa, eta urterik urte indarra hartzen doan txapellketa da. Datorren urtean ere hor egongo da, aukera- aukeran».