Euskal Herriko Kopako lehenengo proba puntuagarrian bigarren postua lortu du Nahia Quincoces mendexarrak Bagneres Luchoneko lasterketan. Quincoces lasterketaren zati handi batean lehenengo postuan joan bazen ere, azkenean Marta Garciak (Herrialde Katalanak) 30 segundoko aldea atera zion. Marta Rivas (Herrialde Katalanak) sartu zen helmugan hirugarren.
Mendexarrak eskian jartzen duten larruagaz arazoak izan zituen mendia igotzeko. Hotz handiagaz larrua ez da ondo itsasten, eta tartean sartu zitzaion elur hautsak larrua galtzea eragin zion. Horrez gain, ordezko larrua denbora luzez erabili barik egonda, ez zen behar modura moldatu. Arazo horiek direla eta, lehenengo postua galdu eta hirugarren postura igaro zen Quincoces. Horren ostean, ahaleginak egin arren ez zuen lehenengo postua berreskuratzea lortu.
Lehia handia
Lasterketan «oso gustura» aritu zen kirolaria. «Emaitzagaz pozik nago, lehenengo postua lortu ez badut ere, lehiakortasun handia eta aldi berean giro ona izan dira lasterketa osoan, eta hori oso garrantzitsua da niretzat», nabarmendu du.
Hurrengo hitzordua datorren asteburuan jarri du mendexarrak: Luz Saint Souverreko Altitoy lasterketa. Pirinioetako lasterketa ezagunerako «gogotsu» dago. Ostean, otsailaren 22an eta 23an Izaban egongo da, Euskal Herriko Kopako hurrengo proba puntuagarrian.