Aurtengo urterako 1.106.510 euroko aurrekontua onartu du Etxebarriko Udalak. Iaz baino ia 112.000 euro gutxiago. EAJren aldeko botoekin eta Bilduren kontrakoekin onartu da.
Gizarte Zerbitzuak indartzea izan da aurtengo aurrekontuetako helburuetako bat. Kapitulu horrek 5.000 euro gehiago izango ditu beraz, aurten. Diru gehiago egongo da bai eta kulturarako ere. Iazko 54.000 eurotik 58.000 eurora igo dute kopurua.
Inbertsioen atalean ingurumenari begira jarri da udala. Efizientzia elektrikoa hobetzeko asmoz bideetako argiteria publikoa aldatzen hasi dira, eta Galartza auzokoagaz amaitu nahi dute. Hilero 300 euroko gastua eragiten dutela eta frontoiko fokuak ere aldatu nahi dituzte. «Azterketa bat egin dugu eta frontoiko argiteria aldatzeak %77ko aurrerapena ekarriko liguke», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Beste alde batetik, 93.000 euro erabiliko ditu udalak errepideen egoera hobetzeko. Herriguneko kale batzuk eta baserri bideak konponduko dituzte, Arentza baserrira joateko dagoen bidegurutzea esate baterako. Aurrekontuaren beste zati bat Gis lokalizazio geografiko sistema ezartzeko erabiliko dute, eta Manuela Zubizarreta eskolakoek eskatuta, umeen jolastokiari teilatua jarriko diote. Ibaun parkea ere egokituko dute mahaiak eta parrilla jarrita.
Inbertsioen ataleko azken partida eskola berria kokatuko den lursaila kalifikatzeko eta Ur Agentziak eskatutako lanak egiteko izango da.