Herriko tabernaren ustiaketa errentan emateko lehiaketa abiatu du Gizaburuagako Udalak. Herriko tabernarekin batera, tabernaren gaineko lehenengo solairuko ezkerreko etxebitza eta honi dagozkion ganbara ere errentan jarri ditu udalak.
Tabernak urte beterako errenta izango du baina lau aldiz luzatzeko aukera izango dute. Luzapena kontuan hartuta, gehienez ere bost urterako errenta izango du herriko tabernak.
Adjudikazioa egiteko kontuan hartuko dituzten oinarriak zehaztu ditu Gizaburuko Udalak. Garrantzia berdina izango dute, erranta onenaren eskaria egitea, eraikinaren tabernako erabileraz gain jatetxe erabilera ere ematea eta tabernan lan egingo dutenen eta negozioaren arduradunaren euskara ezagutzak. Ezaugarri hauek, bakoitzak 30 punturekin baloratuko dute. Azkenik, higiezinaren ustiaketarako proiektu onena izateak 10 puntuko balioa izango du.
Errentaren balioa
Oinarrizko errenta, urtean 2.880 eurokoa izango da, BEZ-aren balioa gehitu behar zaiola kontuan hartuta. Hori dela eta, adjudikatarioak urteko errenta Gizaburuagako Udalak izendatutako leku edo kontuan jarri ordaindu beharko du, hamabi zatitan banatuta, hileroko gutxieneko errenta 240 eurokoa izango delarik.
Proposamenak aurkezteko azken eguna otsailaren 24a izango da, Bizkaiko Aldizkario Ofizialean (BAO) argitaratu eta hilabetera. Epe horren barruan, interesa duen guztiak udal idazkaritzan pleguaren kopiak jaso ahal izango ditu. Proposamenak Gizaburuagako udalean jasoko dituzte goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartean edota posta edo fax bidez ere bidali ahal izango dituzte. BAOn argitaratutako iragarkian akatsak antzeman ditu eta beraz, iragarkia irakurtzeko, Lea ibarrako web orrialdea kontsultatzeko gomendioa eman du udalak.