Gerrikaitz auzoan Bizkailurrek eraikitako hiru etxebizitzak alokatzeko prozedura zabaldu du Munitibarko Udalak. Etxebizitzak alokatzen dituenak, eros ahalmena izango du ala nahi izanez gero.
Aurretik ere hainbat aldiz zabaldu du udalak deialdi berdina eta dagoeneko hamabi etxebizitza alokatu dituzte Munitibarko auzoan. Orain, hutsik geratzen diren hiru etxebizitzak alokairuan jarri dituzte.
Herritarrek lehentasuna
Udalak egindako deialdian izena emateko ezinbestekoa izango da Munitibarren edo Lea Ibarra Mankomunitatearen lurralde eremuan kokaturik dagoen udalen baten erroldaturik egotea. Lea-Artibai, Busturialdea edo Bizkaian erroldatutakoek, gutxienez bost urteko antzinatasuna izan beharko dute. Hala eta guztiz ere, lehentasuna, Munitibarko herritarrek izango dute . Horrez gain, eskaria egin ahal izateko momentuan lanbide arteko soldata minimoaren diru sarrera gutxienekoa 691eurokoa duela bermatu beharko du interesa duen guztiak.
Une honetan hutsik dauden etxebizitzak 17. atariko beheko ezkerra, lehenengo solairuko eskuina eta 18. atariko bigarren eskuina dira. Etxebizitza hauen alokairu prezioa, metro koadroko 4,5 eurokoa izango da, beti ere erabilgarri den azalera kontuan hartuta. Modu horretan, etxebizitza handienak hilean 416,83 euroko kostua izango du,
Munitibarko Udalak eta Azpiegiturak SAU-k adostu dutenaren arabera. Aipatutako prezio hau urtero eguneratuko da urtarrilaren 1ean aurreko urteko Kontsumo prezioaren indizearen (KPI) igoeraren arabera.

Gerrikaizko etxebizitzen eskaria egiteko, prozedura Munitibarko udaletxeko iragarki taulan zabalduko den egunetik hamar lan eguneko epea izango du interesatuak zerrendan izena emateko. Behin, zerrenda osatu ostean, udalak interesatuekin hitzorduak jarriko ditu. Hitzordu horien bidez, interesatuei Azpiegiturak S.A.U-rekin sinatutako hitzarmena eta etxebizitzaren alokairuaren prozeduraren berri emango zaie. Aldi berean, udalak, eskatzailearen asmoak ezagutzeko aukera izango du. Hortik aurrera, hitzordua egin den egunetik zenbatzen hasita, eskaera egiteko hamar lan eguneko epea izango dute, eta eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa Munitibarko Udalean entregatu beharko dute. Azkenik, udalak Azpiegiturak-era dokumentazioa helarazi, eta honek eskatzaileak onartuko ditu.