15 hilabeteko kartzela zigorra, denbora horretan lanetik kanporatzea eta Rodolfo Aresi “kalte moralengatik” 15.000 euroko ordainketa egiteko eskaera mantendu dute gaur, Bizkaiko Auzitegian, fiskalak eta Aresen akusazio partikularrak. Defentsak, berriz, –Zenonek bere burua defendatu du– absoluzio eskaria berretsi du, “ezelako deliturik ez dagoelako”.

Rodolfo Ares, auzitegira ailegatu denean
Bi tesik talka egin dute gaurko epaiketan: batetik, akusazioarenak, torturak ez direla existitzen diotenak. Bestetik, abokatuen salaketak, torturak egin egiten direla diotenak. Epaiketa 09:30ean hasi da, eta lehenengo
Berriako eta
Garako kazetariek deklaratu dute, haien atzetik Rodolfo Aresek. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izandakoak berretsi egin du abokatuaren kontra ipinitako kereila, “bere ohorea eta Ertzaintzaren izen ona zikinduak” izan zirelako. Akusazioen txanda amaituta, defentsaren lekukoek hartu dute hitza: Urtza Alkortak, Asier Badiolak, Zunbeltz Bedialaunetak eta Xeber Uribek Ertzaintzaren esku tortura psikiko zein fisikoak jasan zituztela esan dute berriro ere, eta beraiek eskatu ziotela Zenoni tortura horiek publikoki zein judizialki salatzea. Martxelo Otamendi
Berria egunkariaren zuzendariak ia ezin izan du deklaraziorik egin. Epaileak ez dio utzi azalpenik ematen, bere kontakizuna gaurko epaiketaren gaiagaz lotuta ez dagoela iritzita “Torturak egon direla ez dela frogatu esaten dute behin eta berriz. Kontua da, baina, nazioartetik dauden salaketak ikertzeko eskariei ez dietela jaramonik egiten”, agertu du Zenonek auzitegitik atera ostean. “Epaiak noiz emango duten ez dakigu, baina errudun jotzen banaute, errekurtsoa aurkeztuko dugu”, esan du abokatuak.

Lekukoen artean dago Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria.
2010. urteko atxiloketak
2010eko urtarrilaren 26an hasitako operazioan, bederatzi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Ondarroan, ETAgaz lotura izatea leporatuta. Ertzaintzak inkomunikatuta eduki zituen gazteak. Haien konfiantzazko abokatuek espetxera eraman zituztenean izan zuten atxilotuekin egoteko aukera estreinako. Abokatuek beraiek egun batzuk geroago jendaurreko agerraldi bat eginda salatu zutenez, Ertzaintzak torturatu egin zituela kontatu zieten atxilotuek abokatuei: jo, presionatu eta mehatxatu egin zituztela, eta tortura psikologiko latza jasan zutela. Abokatuek gogor salatu zuten bezeroek azaldutakoa, bai ertzainek emandako tratua, bai ertzainen arduradun politikoek tortura kasuetan duten erantzukizuna: «Argi eta garbi esan behar dugu Ertzaintzaren dibisio berriak torturatu egiten duela Ares jaunaren agindupean», esan zuen zehazki Zenonek. «Torturatzaileen eta torturaren aurka egin beharrean, salatzen dutenen kontra jotzen da hemen. Horrela ezin izango dugu tortura gure bizitzatik ezabatu», azpimarratu zuen atzo, Zenonek.