
Landatzeko sasoia dela aprobetxatuta, hainbat jende hurreratu zen joan den zapatu goizean Markina-Xemeinen egin zen Zuhaitz, Landare eta Baserriko tresnerien azokara. Orokorrean iaz baino salmenta hobeak izan dituzte azokan egon ziren mintegiek.
Zuhaitz eta landare aukera handia eskaini zuten plazabarripean eta frontoi nagusiaren aurrean kokatu ziren hamalau mintegiek. Erosleak goizetik ibili baziren ere, eguerdi partean batu zen jende multso handiena. Fruta arbolak eta lorategietarako landarak izan zuten eskari handiena. Sagar arbolak eta zitrikoak saldu zituzten batez ere mintegiek. “Aurtengoa urte ona da jendetxoa dabil eta”, adierazi zuen Zaldibarko Belar mintegiko arduradunak. Salmentagaz “pozik” zegoen baina, ez horrenbeste, kokapenagaz. “Bazter honetan baino Zelaiaren beheko partean hobeto egongo ginateke, gainera kamioia ere alboan izango genuke zer edo zer behar izanez gero”, aitatu zuen.
Reineta zuriaren zuhaitz landarak saldu eta saldu ibili ziren Gatikako Etxebarria mintegikoak eta eguerdira arte lasai samar egon ziren arren, lan gehiago eduki zuten azokaren azken orduetan Usurbilgo Aranburu mintegiko andre-gizonak. Euren aurrean egon ziren Tafallako El MontaƱes mintegikoak krabelin txikiak eta Pentsamenduak saldu zituzten gehienbat, bai eta umeen gustuko izan ziren kaktus txikiak ere.
Landara bereziak
Ohiko zuhaitz eta landareez gain, landare bereziak ere izan zuten lekua zapatuko azokan. Zarautzko Lurberry fruitu txikien landare mintegi ekologikoak Feijoa, kiwi gorria, Aronia, Cornus eta Asimia jarri zituen eskura besteak beste; Bonsaiak berriz, Irun Bonsai mintegiak eta kanariar iratzea, Kokedama eta altze adarra beste batzuren artean.
Zuhaitz eta landara mintegien alboan egon ziren Lea-Artibaiko ekoizleak. Gozoak, gazta, txerrikiak, ahateen produktuak eta eztia eskaini zituzten. Izarbidean elkarteko neska-mutilek ere sukaldaritza tailerrean prestatutako gozoak jarri zituzten salgai, eta Ekozain ekologi taldekoek taloa egiten irakatsi zieten txikienei plazabarripe ertzean jarri zuten txosnan.
Argazki galeria [nggallery ID=119]